Urretxuk eta Zumarragak Fitur nazioarteko turismo azokan parte hartuko dute bihar (osteguna): Hauspoa eta tunela dokumentala eta Hiruma egitasmoa aurkeztuko dituzte.
Hauspoa eta tunela dokumentala Zumarraga Bide Bizia marka turistikoan integratuta dago. Gorka Hermosa akordeoilaria eta Iñaki Pinedo zuzendaria dira egileak. Zumarragak euskal hauspoaren historian izan duen garrantziari buruzko lana da eta Zumarragako Udalaren laguntzarekin egin dute. Gonbidatuen artean Fermin Muguruza, Kepa Junkera, Bernardo Atxaga, Jon Maia eta Toti Martinez de Lezea daude. Antxiñe Mendizabalek, Usoa Buscak eta Zuhaitzaren Soinuak ere parte hartu dute. Abuztuaren amaieran herritarrek erromeria bat antzeztu zuten San Kristobalen dokumentalerako. Urrian, berriz, Hermosak kalejira bat grabatu zuen. Dokumentala kalejira horrekin amaitzen da.
Dokumentalaren aurkezpena 10:30ean izango da. Ondoren, Mikel Serrano alkateak, Hermosak eta Pinedok dokumentalari buruz hitz egingo ditu bi irratitan: 11:30ean Onda Vascan eta 12:30ean Onda Ceron.
Hirumari dagokionez, Euskadiren arima erakusten duen bidaia da. Debagoiena, Urola Garaia eta Urola Erdiaren lankidetzaren fruitua da. Hiruen turismoa batera proiektatzeko marka turistikoa da eta bere helburua barnealdeko helmuga erreferente bihurtzea da. Hirumaren aurkezpena 13:30ean izango da.
Bi aurkezpenak zuzenean jarraitu ahal izango dira. Aurkezpenak zuzenean jarraitzeko, sakatu hemen.