Antonio Amundarainek Antioko Amaren kanta konposatu zuen eta Antioko bederatziurrena sortu zuen. Berak sortutako erakunde batek 100 urte beteko ditu eta 150 jarraitzaile Zumarragara etorriko dira.
Antonio Amundarain (Elduain, 1885) apaizak Alianza en Jesus por Maria instituzio sekularra sortu zuen duela 100 urte. Instituzio hori komentutik kanpo, herritarren artean, bizi ziren mojek osatzen zuten. Helburua emakume horiek gainontzeko herritarren artean modu xume eta umilean bizitzea zen, eredu izateko. Erakunde horrek 3.500 kide baino gehiago izan zituen Europan eta Amerikan. Mendeurrena dela eta, hainbat ekitaldi egingo dira. Otsailean 150 lagun inguru Antiora etorriko dira. Izan ere, Amundarain Zumarragan bizi izan zen bi garaitan. Lehenengoan mertzedarien asiloko kapilaua izan zen eta bigarrenean herriko parrokoa. Antioko bederatziurrena berak jarri zuen martxan eta zumarragar askoren abesti kuttuna den Agur Antiguako Ama berak konposatu zuen.
Amundarain Juan Bautista Amundarainen hirugarren emaztearen, Teresa Garmendiaren, hirugarren semea izan zen. Bere aitaren lehen bi emazteak hil egin ziren eta zortzi anai-arreba zituen guztira: lau aitaren lehen bi emazteenak eta beste laurak hirugarren emaztearenak.
10 urterekin Elduaingo elizan laguntzen zuen jada. Aitak Amerikara bidali nahi zuen (bere anaia nagusia hara joan zen soldadutza ez egiteko), baina amaren nahia bete zen: Baliarrainera bidali zuten, gaztelania, latina, matematikak eta kultura orokorra ikastera. Hiru urte eman zituen bertan. Arropa garbitzen zuen eta ilea mozten zuen ikasketak eta egonaldia ordaintzeko. Oporretan Elduaingo katekesian laguntzen zuen.
16 urterekin Gasteizko seminariora joan zen. Argazkiak egiten zituen bere osaba Pedro Gabirondok emandako mailegua ordaintzeko. 1909an apaiz egin zen eta lehen meza San Tomas egunean eman zuen, Arantzazun, bere anaia Migelek eta osaba Pedrok lagunduta. Anaia frantziskotarra zen. Bere lehen herriak Arabako Baroja eta Zumentu izan ziren. 1911n Zumarragara bidali zuten, mertzedarien asiloko kapilau bezala. 1912an bere aita hil egin zen eta ama eta Jose Maria anaia Zumarragara etorri ziren.
Mertzedarietan egon zen urteetan hainbat egitasmo atera zituen aurrera: mertzedarien asiloaren historiari buruzko liburua idatzi zuen (1954an argitaratu zen), 1915ean nobiziatua ireki zen, antzerki talde bat sortu zuen eta hainbat antzezlan idatzi zituen…
Zumarragatik Donostiara
1919an Donostiako Santa Maria basilikara bidali zuten, koadjutore lana egitera. Bertan, katekista talde batekin bilerak egiten zituen. Garbitasunaren garrantziaz eta Donostiako gizartearen fribolitateaz hitz egiten zien. Bere aitorlekutik pasatzen ziren emakume askok komentuan bukatzen zuten eta komentutik kanpo baina garbitasunez biziko ziren emakumeen erakunde bat sortzea bururatu zitzaion. 1925ean jarri zuen martxan. Urte hartan bertan, Donostiako Gros auzoko San Inazio parrokiako koadjutore izendatu zuten.
Biriketako arazoak zituen eta 1929an Burgosera bidali zuten. Urte hartan bertan, urriaren 23an, Zumarragako parroko izendatu zuten. Bere ama, bere anaia Jose Mari, honen emazte Jakoba eta beraien lau seme-alabak Zumarragan bizi ziren dagoeneko.
1929an Antioko bederatziurrena martxan jarri zuen. Garai hartan bederatziurrena parrokian egiten zen: Antioko Ama Birjina herrira jaisten zuten eta prozesioa egiten zuten. Herritar askok balkoiak apaintzen zituzten. Uztailaren 2ko prozesioaren ondoren, Ama Birjina Antiora igotzen zuten.
Ezkioko agerraldiak
1931ko ekainaren 29an Goierrin eta bere bizitzan berebiziko garrantzia izan zuen gertakaria jazo zen: Ezkioko bi haurrek Ama Birjina agertu zitzaiela esan zuten. Ondoren, jende gehiagok agerraldiak izan zituela esan zuen. Ezkio peregrinazio toki bilakatu zen eta ondorengo hilabeteetan milioi bat pertsona baino gehiago hurbildu ziren bertara. Errepublika Elizaren beldur zen eta Eliza Errepublikaren beldur. Amundarainek jatorrizko agerraldiarekiko errespetua eskatu zuen eta Errepublikaren erasoak salatu zituen. Gutxira manipulazio politikoa eta agerraldi batzuen faltsutasuna agerian gelditu ziren eta Elizak Ezkioko agerraldiei bizkarra eman zien.
Donostiatik Madrilera
1932an osasun arazoak izan zituen eta Arantzazura joan zen osatzera. Mateo Mujika gotzainak Donostiara joateko eta Aliantzaz arduratzeko eskatu zion. Izan ere, ordurako 2.000 kide baino gehiago zituen. 1937an Donostiako Santa Teresa komentuko kapilautza eskaini zioten eta Aliantzan lan egiten jarraitu zuen. 1946an Aliantzaren egoitza nagusia Madrilera eramatea erabaki zuten eta bertara joan zen. 1950ean, joan-etorri askoren ondoren, Vatikanoak Aliantza institutu sekular gisa onartu zuen.
Bere osasunak okerrera egin zuen eta 1954an hil egin zen. 1996an Juan Pablo II Aita Santuak beneragarri egin zuen eta beato izateko bidean da.