Smartlog konpainiak Sarralde enpresa zegoen tokian eraikiko duen berrikuntza eta talentu zentroak aste honetan jaso du obrak egiteko udal lizentzia. Lurren mugimendua otsailean hasiko da eta eraikin berria 2026ko maiatzerako prest egotea espero dute. 2026ko urrian automatizazio logistiko masterra hastea espero dute. Urretxu automatizazio logistikoaren inguruko ikerkuntzan eta prestakuntzan nazioarteko erreferente bilakatu nahi dute. Obraren aurrekontua 12 milioi eurokoa da.
Andoitz Korta Eusko Jaurlaritzako Industria Sustatzeko sailburuordeak, Txaber Ouro Sprilur sozietate publikoko zuzendariak eta Jon Luqui Urretxuko alkateak Smartlog bisitatu zuten atzo. Bertan, Xabi Zubizarreta Smartlog Groupeko zuzendari nagusiarekin eta Asier Barberena Smartlog enpresako Berrikuntza eta Teknologia zuzendariarekin elkartu ziren. Azken biek enpresan garatzen ari diren berrikuntza proiektuen berri eman zieten.
Smartlog enpresak 2006an itxi zen Sarralde enpresaren 9.874 metro karratuko lursailean eraikiko du berrikuntza eta talentu zentroa. 2008an Urretxuko Udalak lursail hori erosi zuen. 2020an, berriz, Eusko Jaurlaritzaren Sprilur sozietate publikoak eskuratu zuen. Sprilurrek fabrika zaharra bota eta lursaila garbitu du.
Hondakinak kudeatzeko eta bertatik eramateko lanak amaitu ondoren, 2024an Urretxuko Smartlog ingeniaritza enpresak herrian bertan beste proiektu bat abian jartzeko interesa azaldu zuen eta aipatutako lursailak erosi zituen. Obrak egiteko udal lizentzia jaso ondoren, lanak otsailean hasiko dira.
15 herrialdetan
Smartlog konpainia enpresen barne logistikako prozesuak optimizatu eta automatizatzeko soluzioak eta zerbitzuak eskaintzen dituen ingeniaritza sektoreko enpresa da. Mundu osoko 15 herrialde baino gehiagotan garatzen ari diren proiektuetan parte hartzen du. 180 langile ditu bere lantaldean, ia erdia Urretxun. Azken zortzi urteotan, urtetik urtera fakturazioa biderkatu egin du. Smartlog Nest zentro berriaren eraikuntzan 12 milioi euro inbertitzea aurreikusten du. Helburua enpresak eta talentua erakartzea da. Eraikin berriak hiru solairu eta 6.000 metro karratu izango ditu, ikerketaren, garapenaren eta prestakuntzaren zerbitzura. Goierri garaian inpaktu positiboa izatea espero dute: «hazkunde ekonomikoari lagunduko dio, teknologia aurreratuen bidez; sektore teknologikoko enpresak eta talentua erakarriko du; komunitate berritzaile eta ekintzailea garatuko du; eta enplegu kualifikatua sortuko du».
Kortak egitasmoaren garrantzia azpimarratu zuen. «Eskualdean berrikuntza, aberastasuna eta lanpostuak sortzen lagunduko du. Urretxuko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, Sprilurren bidez, lan handia egin dugu elkarrekin, Sarraldeko esparruko lursailak berreskuratu eta leheneratzeko. Eta horri lankidetza publiko-pribatua gehitu behar zaio: erakunde publikoak lurzorua kudeatzeaz eta leheneratzeaz arduratu dira, eta Smartlog enpresak 12 milioi euroko inbertsioa egin du. Biak eskutik elkarlanean aritu gara zentro berri horren sorreran, Gipuzkoarako eta Euskadirako industria gehiago eta hobea ekar dezan».
Alkatearen iritzia
Luqui ere pozik azaldu zen. «Smarlog Nest zentroaren obrak hastearekin, eta ingurune horretan bertan Telleria Tailer Mekanikoen pabilioiak ezartzearekin, Urretxuko Udalak gure herrira industria eta industriarako zerbitzu aurreratuak itzultzearen alde egindako apustua gauzatzen da. Eremu hori suspertzeak eragin handia izango du gure herriaren ekonomian, ingurumenean, gizartean, hezkuntzan, enpleguan eta estetikan, baita herri gisa dugun autoestimuan ere. Esker oneko hitzak baino ez ditut ingurune hau leheneratzeko prozesuan parte hartzen ari diren erakundeentzat eta udal teknikarientzat».
Zubizarretak egitasmoak eskualdearen garapen ekonomikoa, enplegu kualifikatua eta ekosistema ekintzailea ekarriko dituela uste du. «Nest etorkizuneko logistikaren aldeko apustua da, 5.0 logistikaren aldeko apustua. Ikerketa, garapen teknologikoa, berrikuntza eta talentua uztartuko dituen espazioa. Ahaleginen eta sormenaren batura».