Zumarragak akordeoiaren historian izan duen garrantziari buruzko dokumentala aurkeztu dute Fitur turismo azokan
Gaur goizean Hauspoa eta tunela dokumentala aurkeztu dute Madrilgo (Espainia) Fitur turismo azokan. Gorka Hermosa akordeoilaria eta Iñaki Pinedo zuzendaria dira egileak. Zumarragak euskal hauspoaren historian izan duen garrantziari buruzko lana da. Izan ere, akordeoia trenaren eskutik heldu zen Euskal Herrira: Italiatik Zumarragara trenbidean lan egitera etorri zen Juan Bautista Buscak zeresan handia izan zuen. Dokumentala Zumarragako Udalaren laguntzarekin egin dute. Gonbidatuen artean Fermin Muguruza, Kepa Junkera, Bernardo Atxaga, Jon Maia eta Toti Martinez de Lezea daude. Antxiñe Mendizabalek, Usoa Buscak eta Zuhaitzaren Soinuak ere parte hartu dute. Abuztuaren amaieran herritarrek erromeria bat antzeztu zuten San Kristobalen dokumentalerako. Urrian, berriz, Hermosak kalejira bat grabatu zuen. Dokumentala kalejira horrekin amaitzen da.
Aurkezpenaren ondoren, Mikel Serrano alkateak, Hermosak eta Pinedok dokumentalari buruz hitz egingo dute Onda Vasca eta Onda Cero irratietan.
Mikel Serrano Zumarragako alkatea pozik agertu da dokumentalak izan duen harrerarekin. “Lanean jarraitzen dugu Zumarraga erreferente kultural eta turistiko gisa kokatzeko, munduari gure aberastasun historikoa eta musikala erakutsiz. Dokumental hau gure iraganaren eta etorkizunaren arteko zubia da, eta alde guztietako bisitariek gure funtsa deskubritzeko gonbidapena. Zumarragaren aurkezpenak dokumentalari eta herriari buruz gehiago jakin nahi zuten profesional eta bisitarien topagune bihurtu da. Dokumentalak, laudorioak pizteaz gain, etorkizunean tokiko turismoa dinamizatzen jarraituko duten lankidetza eta proiektuetarako ate berriak zabaldu ditu. Dokumentalak lehiaketetan parte hartuko du eta, bisitariak erakartzeaz gain, gure komunitatearen historia eta sustraiekiko harrotasuna indartzen lagunduko du”.