Hiruma, Goierri garaiko herriek Debagoienarekin eta Urola Erdiarekin partekatzen duten turismo marka berria
Atzo goizean aurkeztu zuten Madrilgo Fitur turismo ferian. Hiru eskualdeetako "hiru arimak" dira markaren ardatzak: natura, ondarea eta tokiko produktua.
Goierri garaiko herriak, Debagoiena eta Urola Erdia eskualdeak lotzen dituen Hiruma marka aurkeztu zuten atzo goizean Madrilen egiten ari den Fitur turismo azokan. Hiruma, Euskadiren arimara bidaia izenburuko turismo proiektuaren marka da Hiruma, eta Debagoieneko Mankomunitateko lehendakaria den Dorleta Elkorobarrutiak azaldu zuenez, “eskualdez gaindiko proiektua da, duela urte batzuetatik elkarrekin proiektuak bultzatzen ari diren hiru eskualdeen arteko lankidetzatik sortua. Hiru helmugetako turismoa batera proiektatzeko marka turistikoa da, tokiko, estatuko eta nazioarteko merkatuan Euskadiko barnealdeko helmuga erreferente bihurtzea helburu duena”.
Aurkezpen ekitaldiaren irekiera Azahara Dominguez Gipuzkoako Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak egin zuen. Dominguezek proiektuaren atzean dagoen lankidetza azpimarratu zuen: “Hiruma oso gipuzkoarra den ezaugarri batetik sortutako ekimen turistikoa da: helburu komun bat duten erakunde desberdinen arteko lankidetza. Kasu honetan Debagoiena, Urola Erdia eta Urola Garaia eskualdeak izan zarete zentzu osoa duen produktu turistiko bat egitea lortu duzuenak. Produktu hori guretzat lehen mailako aliatua da, bisitatzen gaituztenak gure lurraldean sakonean sar daitezen, eta gure artean egonaldia luza dezaten”.
Aurkezpenaren itxiera, berriz, Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako Zuzendariak egin zuen, eta horrelako proiektuen garrantzia nabarmendu zuen, “ondarearen eta tokiko produktuaren bidez lurraldea balioan jarriz, lurraldearen eta bertako biztanleen ongizatea bermatzen duelako turismo iraunkorraren ikuspegitik”.
Hiruma proiektuaren aurkezpenean Debagoiena ordezkatu zuen Dorleta Elkorobarrutiaz gain, Urola Erdiko Iraurgi Berritzen erakundeko lehendakari Ana Azkoitia eta Goierri garaiko ordezkari Rosa Maiza ere izan ziren.
Euskal kulturaren arima
Hiruma Euskadiko erkidegoko hiriburuetatik distantzia laburrera dagoen “gune berde pribilegiatua” dela nabarmendu zuten Fiturreko aurkezpenean, “euskal kulturaren arima ehuntzen duten baliabide naturalak, ondarea eta tokiko produktua elkartzen diren gunea” da. Hirumak “euskal nortasun eta kultura propioaren sustraiak nabarmentzen eta indartzen ditu”. Arimaren kontzeptuan oinarritu dute proiektuaren diskurtsoa: “Hiru arima, hiru eskualde, hiru segmentu turistiko, hiru kolore”. Horiek dira marka berriaren gakoak.
Marka berri hau aurkezteko, bideo bat ere proiektatu zuten, “bertaratutako pertsonen zentzumenekin jolasteko helburuz”, besteak beste, usaimenaren bitartez; izan ere, Hirumak “bere usain propioa” utzi du Fiturren, “freskura, belar moztu berria, basoa… gogora ekartzen dituena”. Usain hori “hiru arimek, hau da, naturak, ondareak eta tokiko produktuak dituzten hiru koloreekin egindako poltsen bidez eta egurrezko orri-markatzaileen bidez banatu da”.