Urretxu udalak, urte hasieran jende askok kirola egiten hastea erabakitzen duela jakitun, Aldiri kiroldegiko kirol eskaintza aurkeztu du. Udalak herritarrak kirola egitera animatu ditu. “Instalazio berritu eta modernoak ditugu, guztien nahi eta beharretara egokituak”.
Urretxuko Aldiri kiroldegian ikastaro asko antolatzen dira. Urtero berritzen dituzte gainera. Haurrek eta nerabeek gimnastika erritmiko eta Gaztefit ikastaroean parte har dezakete. Adinekoek, berriz, hirugarren adinekoentzako gimnasia eta +60 pilates ikastaroak dituzte.
Entrenamendu intentsoagoak nahi dituztenek, Total Body, HIIT, Total Training, Cycling, Zumba Fitness, Ciclopower, TRX, Power Gap eta Ciclo TRX saioetan parte har dezakete. Eskaintza zabalari esker, herritar guztiek beraien nahi eta beharretara egokitzen den ikastaroa egin dezakete.
Ordutegia ere zabala da: ikastaroak 07:00etatik 20:00etara ematen dira, herritar guztiek kirola egiteko aukera izan dezaten. Gainera, saioen luzera eta intentsitatea parte hartzaileen behar eta ahalmenera egokitzen da. Horretarako, Aldiri kiroldegiko monitoreek aholkularitza zerbitzua eskaintzen diete erabiltzaile guztiei.
Baina kiroldegiko gimnasioa erabiltzeko ez dago ikastaro batean izena eman beharrik. Gimnasioa 07:00etatik 22:00etara irekitzen da, nahi duten guztientzat. Bertan azken belaunaldiko makinak daude eta ariketa taula pertsonalizatuak egiten dituzte.
Izan ere, Urretxuko Udalak 30.000 euro baino gehiago inbertitzen ditu urtero Aldiri kiroldegian. 2025erako estera, haltera, zaku eta goma berriak erosi dituzte. Gainera, aurki korrika egiteko bi makina eta bi makina eliptiko erosiko dituzte.
Prezioari dagokionez, aurtengo berrikuntza 50 euroko bonua da. Bonu horrekin hamar aldiz erabili daiteke gimnasioa. Horretaz gain, txartel digitala jarriko dute martxan, sarrera errazteko. Eta hemendik aurrera sauna gizonezkoek eta emakumezkoek erabili ahal izango dute egunero. “Aldiri kiroldegia kirolgune bat baino gehiago da. Osasuna, ongizatea eta hartu-emana sustatzen dituen espazio bat da. Instalazio modernoak ditu, ikastaro asko antolatzen dira eta ordutegia ere zabala da. Bizitza aktiboa egiteko aukera bikaina da. Ez pentsatu gehiago: hurbildu Aldiri kiroldegira eta aukeratu zuretzako egokiena den aktibitatea”, adierazi dute udaletik.