Nicolas Alustizak asteburuan egin ditu denboraldiko lehen bi lasterketak
Aurten, lehenengoz, Urretxuk eta Zumarragak hiru txirrindulari dituzte profesional mailan: Xabier Isasa eta Nicolas Alustiza Euskatel-Euskadi taldean eta Alex Diaz Caja Rural-RGA taldean. Alustizak joan zen astean hasi zuen denboraldia: ostiralean Classica Camp de Morvedre proban parte hartu zuen eta larunbatean Ruta de la Ceramica–GP Castello proban. Ostiraleko proba ez zuen bukatu eta larunbatekoan 89. postuan sailkatu zen, UAE taldeko Antonio Morgado portulgaldarrarengandik hiru minutu eta zazpi segundora. Aste honetan Mallorcan lehiatuko da. Bost lasterketa antolatu dituzte eta horietako hirutan parte hartuko du: asteazkenekoan, ostegunekoan eta larunbatekoan. Eurosport eta RTVEk lasterketa horiek emango dituzte.
Isasak eta Diazek, berriz, igandean emango diote hasiera denboraldiari. Marseillako proban parte hartuko dute, Frantziako Kopako lehenengoa. Lasterketa hori Eurosport telebista kateak emango du.