Iazko otsailaren amaieran botatako euriaren ondorioz, Urretxu-Zumarragatik Azkoitira doan bidegorrian, Aizpurutxo baino apur bat lehenago, sekulako luizia izan zen eta bidegorria estali zuen. Aldundiko Gobernu Kontseiluak mendia egonkortzeko lanen lizitazioa onartu du. Aurrekontua 270.000 eurokoa da. Lanak udan hasiko dira eta obrak egiteko aurreikusitako epea hiru hilabetekoa da.
Irune Berasaluze foru bozeramaileak proiektua idazteko eta tramitatzeko prozesuak hasiera baten aurreikusitakoa baino denbora gehiago behar izan duela aipatu du, “planteatutako irtenbideen konplexutasun teknikoagatik, altuera handiko ezpondak dituzten lurrak direlako eta hainbat administrazio prozedura osatu behar izan direlako”.
Proiektuak hainbat lan jasotzen ditu, hala nola ezpondaren saneamendua, altzairuzko sare aktibo elastikoa instalatzea eta mendi hegalaren drainatzean hobekuntzak egitea. “Gipuzkoako bidegorri sarea apustu estrategiko bat da lurralde berdeago eta irisgarriago bat eraikitzeko, eta proiektu hau beste urrats bat da azpiegitura jasangarri eta seguruak eskaintzen jarraitzeko konpromiso horretan”, azpimarratu du foru bozeramaileak.