Igandean Mingainluze lehiaketaren edizio berri bat jokatuko da Urretxuko Labeaga aretoan. Orain dela ia 15 urte antolatu zen lehen aldiz lehiaketa umoretsu eta dibertigarri hau, Euskal Telebistako Mihiluze saioa oinarri harturik. Pandemia dela medio eten txiki bat izan zuen, baina iaz berriz ere martxan jarri zen.
Antolatzaileen esanetan, “Mingainluze lehiaketan gaztetxoek ondo pasatzea da helburua, baina ez dugu ahaztu behar hitza dela oinarria, eta gaztetxoengan euskararen erabilera sustatzea helburu gorena”. Zumarraga eta Urretxuko udaletako euskara sailetatik bultzatzen den ekimena da Mingainluze, eta aurten ere herriko ikastetxeetako lehen hezkuntzako 5. mailako gaztetxoei begira antolatu da. Azkeneko asteetan izena emateko epea zabalik egon da eta azkenean 13 taldek eman dute izena. Beraz, 39 gaztetxo igoko dira beste behin ere telebistako platoaren itxura hartuko duen Labeaga aretoko oholtzara. Saioa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da eta lehendabizi 13 taldeek froga ezberdinak izango dituzte. Zortzi onenak bigarren fasera pasako dira eta bukaeran lau indartsuenek garaipena jokatuko dute.
Parte hartzaileek froga ezberdinak egin beharko dituzte, betiere hizkuntzaren erabilera eta arlo askotako jakintza konbinatuz: Tribuaren berbak, Erantzuna emanda, Potokumeak, Imintzioka edo Zer da zer izango dira Mingainluzen egingo diren frogetako batzuk. Sorpresak ere egongo direla aurreratu dute antolatzaileek. “Pandemiaren etenaren ostean berriro martxan jarrita oso gustura geratu ginen iaz lehiaketak izandako harrerarekin, zaila baitzen ekimena nola aterako zen ziurtasunez iragartzea; aurreikuspenik baikorrenak ere, ordea, txiki geratu ziren. Aurten iazkoari eustea da erronka”. Lehiaketako talderik onenek sari ederrak jasoko dituzte eta parte hartzaile guztientzat ekimenaren kamiseta eder bat ere egongo da opari, besteak beste.