‘Basque Luxury Magazine’ aldizkariak Naiara Elgarresta diseinatzaile urretxuarrari buruzko erreportaje bat argitaratu du. Aldizkari hori Euskal Herriko hotel onenetako logeletan banatzen dute.
Basque Luxury Magazine luxuaren sektoreko Euskal Herriko aldizkaria da. Urtero ale bat argitaratzen dute eta aurten aldizkariak hamar urte bete ditu. Aurtengo aleko protagonistetako bat Naiara Elgarresta diseinatzaile urretxuarra da.
Basque Luxury enpresa 2015ean sortu zen, Euskal Herriko produktu, artista, hotel, jatetxe, diseinatzaile… bikainenak munduan ezagutzera emateko. Hurrengo urtean, 2016an, Basque Luxury Magazine aldizkariaren lehen alea argitaratu zuten.
Elgarresta 10. urteurreneko aleko protagonistetako bat da, diseinatzaile, museo, ekitaldi, toki, higiezinen agentzia, jatetxe, hotel, artista eta upategi garrantzitsuenekin batera. Bisitatzea merezi duten tokien artean, Goierri aipatzen da.
Aldizkarian Andrew Garfield aktoreari (Spider-Man), Paulo Airaudo Michelin izardun sukaldariari, Robert Treviño orkestra zuzendariari, Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendariari eta Iñaki eta Nico Williams futbol jokalariei ere tokia egin diete. Garfield-ek Euskal Herrian bizitako abenturen berri eman du. Azala Nieves Alvarez modeloari eman diote. Alvarez protagonista duen argazki erreportajea Getxoko Arriluze jauregian egin dute. Bertan, Bizkaiko hotel bikainena ireki zuten 2023ko urrian.
Kalitatea
Urretxuko diseinatzaileari buruzko erreportajeari dagokionez, slow fashion filosofiaren jarraitzailea dela azpimarratu dute. Filosofia horren funtsa arropa ekoizpenean lan egiten dutenen lan baldintza egokiak zaintzea eta material jasangarri, ekologiko eta birziklatuak erabiltzea da. Finean, kalitate handiko produktuak erostea bultzatzen da. Produktu horiek biziraupen luzeagoa dute eta, hala, gutxiago ekoizten eta kutsatzen da. Aldizkarian slow fashion-ak Euskal Herrian geroz eta indar handiagoa duela eta Elgarresta horren adierazle dela aipatzen da.
Urretxuko diseinatzaileak poltsak, zorroak, zapatak eta gerrikoak egiten ditu. «Uniformetasunari eta ekoizpen masibo eta estandarizatuari uko egiten die. Bilduma txikiak eta edizio mugatuak egiten ditu», aipatzen da aldizkarian.
Elgarrestak oinetako eta osagarri diseinua ikasi zuen Madrilen (Espainia), Londresen (Ingalaterra) eta Florentzian (Italia). Ondoren, Italiako enpresa batetako prototipo sailean lan egin zuen. Enpresa horrek Chanel, Tamara Mellon eta Tom Ford-entzat lan egiten du, besteak beste. Italian hamarkada bat eman ondoren, Euskal Herrira itzuli zen oinetako diseinatzaile bezala lan egiteko.
2021ean bere ametsa bete zuen: bere osagarri marka sortu zuen. «Artisau lana, detailea, mimoa, zaintza, material iraunkorrak eta biodegradagarriak (liho naturala, olana, ahuntz eta behi larrua) eta material ekologikoak (neopreno birziklatua) dira bere lanaren ardatza», aipatzen da. Elkarlana ere aberasgarria dela uste du. «Bilduma txiki bat egin du Iker Garcia Barrenetxea artistarekin: margolariaren marrazkiak dituzten Italiako arkume-larruzko lau pieza».
Ekinn programa
Aldizkarian Elgarrestaren talentuak erakundeen aitortza jaso duela gogoratu dute: iaz Donostiako sustapen sozietatearen Ekinn programan parte hartu zuen. Programa horren helburua egitasmo berritzaileei bultzada ematea da. Elgarrestak formazioa, aholkularitza eta marka sendotzeko laguntza jaso zituen. Bere produktuak online eta goi mailako dendetan saltzen ditu.
Aldizkarian Goierriko eskaintza turistikoari ere erreportaje bat eskaini diote. Basque Highlands bezala ezagutzen dela, EDEN saria jaso zuela eta kultura, natura eta gastronomia gustuko dituztenentzat eskaintza zabala duela aipatzen dute. Ondareari dagokionez, Beasaingo Igartza monumentu multzoa, San Adriango tunela, mendiak, Segurako alde zaharra eta Aste Santua, Ordiziako azoka eta jauregiak, Barandiaran eta Zumalakarregi museoak eta Zerain aipatu dituzte.
Urretxuko diseinatzaileari eta Goierriri buruzko erreportajeak dituen aldizkaria Euskal Herriko eta Errioxako hotel onenetako 1.750 logelatan utzi dute. Horretaz gain, hainbat herrialdetan saltzen da. Frantzian, Grezian, Suitzan eta Japonian, besteak beste.