Urretxuko Udalak eta Urretxu-Zumarraga ikastolak Aldiribi kiroldegi berria aurkeztu dute gaur udaletxean. Ekitaldian Jon Luqui alkateak, Igor Zubillaga eta Alex Gonzalez zinegotziek, Markel Garralda ikastolako zuzendariak eta Iñaki Mendizabal arkitektoak parte hartu dute.
Ikastolako futbol zelaia eta frontoiak dauden tokian kantxa bat, ariketa gelak, aldagelak, igerilekuko sarrera eta parke bat egingo dira. Aldiribitik igerilekura igotzeko igogailu bat eta pasarela bat egingo dira. Ikastolak lursaila udalari utzi dio eta honek obra ordainduko du. Trukean, eskola orduetatik kanpo, Aldiribiko instalazio guztiak herritar guztiek erabili ahal izango dituzte. Proiektu honek herriko kirol elkarteen eta ikastolaren beharrei erantzuten die. Aurrekontua zazpi milioi ingurukoa da. Obra aurtengo udan hasiko da eta 2027ko udaberrian amaitzea espero da.