Bartzelonako El Periodico egunkariak 15 euro baino gutxiagoko eguneko menuen atal bat dauka eta ostiraleko erreportajea Joserra Okariz urretxuarraren Urretxu jatetxeari eskaini zioten. Okarizek duela 18 urte ireki zuen Bartzelonako Urretxu jatetxea, Hiri Olinpikoan, hondartzatik gertu. Erreportajea Alberto Garcia Moyano kazetariak egin du eta Okarizen jatetxea goraipatu egin du. “Banekien karta ona duela, baina menua ere baduela jakin bezain laister bertara joan naiz. Etxe horretan Realaren jarraitzaile sutsuak dira (jatetxeak Gipuzkoako herri baten izena du) eta Euskadira bidaiatzeko aukera ematen dizute, banatzen gaituzten 600 kilometroak egin gabe. Toki berezia da. Areto nagusi bat du eta inguruan gela pribatu ikusgarriak ditu. Lokalaren bihotza sukalde erraldoi eta miresgarria da. Gela pribatuak beste egun baterako utziko ditugu, eguneko menua areto nagusian zerbitzatzen baitute. Egunero, bertako eguneko menua dastatu nahi dutenek jende ilarak sortzen dituzte. Bai, Euskal Herriko eguneko menua Bartzelonan. Hori dela eta, bereziki gustura joan nintzen. Berandu heldu nintzen eta ordurako paella agortuta zegoen. Zorionez, Urretxu jatetxekoek apustua igo zuten: babarrunak eskaini zizkidaten. Beroak eta osoak, baina krematsuak. Salda lodia zuten, baina pasa gabe. Bigarrenerako, oilasko izterra, ukondoa eta txitxarroa donostiar erara aukeran. Eguneko menuan txitxarroa aurkitzea ez da batera ohikoa. Are gutxiago Bartzelona aldean. Hala, txitxarroa eskatu nuen. Ondo irekita zerbitzatu zuten, ondo erreta eta baratxuri frijitu eta patata askorekin. Bukatzeko, etxean egindako postreak. Karta askotatakoak baino hobeak. Natillak eta arroz esnea. Urretxu jatetxeko eguneko menua ezinbestekoa da Hiri Olinpikoaren auzoak auzo berri ospea ken dezan. Izan ere, Urretxu jatetxea erabat egonkortuta dago eta bertan etxean bezala sentitzen zara”.