Vanessa Blanco urpekari zumarragarrak muturreko esperientzia bizi izan du aste honetan Filipinetan. Arazo bat medio, itsasoan bakarrik gelditu zen eta 12 ordu pasa zituen uretan. Horietako hiru, gauez. Haizearen, olatuen, korronteen eta mareen aurka borrokatu behar izan zuen. Asko igeri egin ondoren, lurrera iristea lortu zuen. Abiapuntutik 20 kilometrora dagoen irla batean azaldu zen. Bertan, familia batek behar zuen guztia eskaini zion.
Blancok testu bat publikatu du Instagramen. Horra hor itzulpena: “Itsasoan bizi izan dudan esperientzia txarrena bizi izan dut, baina zorionez hemen nago kontatu ahal izateko. Gato irlan urpean igeri egin behar nuen, baina belarriak konpentsatzeko arazoak izan nituen eta konturatu nintzenerako korronteek irlatik urrundu ninduten eta taldea galdu nuen. Hiltzat eman ninduten. 12 ordu eman nituen itsasoan. Horietatik hiru, gauez. Haizearen, olatuen, korronteen eta mareen aurka borrokatu behar izan nuen. Zoro baten moduan igeri egin ondoren, lurrera iristea lortu nuen. Kinatarcan irlako hondartza batean azaldu nintzen, Gatotik 20 kilometrora. Itsasoan eman nituen 12 ordu horietan, burua hotz mantentzen saiatu nintzen. Biziraupen senak indarra eman zidala pentsatzen dut. Oso argi nuen ez nuela horrela hil nahi. Eta lortu nuen! Oso harro nago egindakoaz. Urpekaritzan dudan esperientzia lagungarria izan zitzaidan. Eta nire aingeru guardakoek ere lagundu zidaten. Ez nuen amore emateko astirik izan, denbora guztia pentsatzen, aztertzen eta erabakitako gauzak egiten igaro bainuen. Eta nire aingeruei eta hartutako erabakiei esker, hemen nago. Orain zauriak eta emozioak osatzeko garaia da, adrenalina gorakadaren ondoren, beherakada heldu baita. Indarberritu bezain laister, itsasora itzuliko naiz. Izan ere, ez diot beldurrik. Errespetua diot. Filipinetara bizitza berri baten bila etorri nintzen eta bizitzak eman didan aukera berri hau baliatzeko asmoa dut. Eskerrak eman nahi dizkiet nire bila atera ziren boluntario eta lagun guztiei. Itsasoaren egoera oso txarra zen arren, nire bila joan ziren. Kostazainengatik balitz, oraindik itsasoan nengoke. Filipinetako nire familia berriari ere eskerrak eman nahi dizkiot: zaindu egin ninduten eta behar nuen guztia eman zidaten. Zin egiten dut zuek bisitatzera joango naizela. Maite zaituztet”.
Rakel eta Vanessa Blanco: marrazoekin jolasten duten Zumarragako bi ahizpak