Zumarragako Udalak martxan jarri du, beste behin, herrian egindako erosketak etxean jasotzeko doaneko zerbitzua. Herrian erosi, etxean jaso lelopean, Zumarragako azokako postuetan edo herriko saltokietan egindako erosketak etxean jasotzeko aukera eskaintzen die kanpaina honek herritarrei. Zerbitzua doakoa da bai herritarrentzat eta bai merkatarientzat, udalak tokiko ekomonia sustatzeko eginiko 15.000 euroko inbertsioari esker.
Zumarragako herritarrek beraien dendarik gustukoenetan egin ditzakete erosketak. Bidalketa zerbitzua eskatzeko, aski da dendara edo merkatura joatea, erosketa egitea eta saltokiari etxera bidaltzeko eskatzea. Zerbitzua emateko ezarritako egunetan, banatzaile bat saltokira joango da erosketa jasotzera, eta zuzenean eroslearen etxera eramango du. Banaketa bizikleta elektriko batean egiten da, produktuak garraiatzeko kutxa batekin. Zerbitzua ingurumenarekin arduratsua da, beraz. Banaketa asteartetan eta larunbatetan 11:00etara 14:00etara egiten da eta ostegunetan 16:30etik 19:30era.
Atxikitutako saltokiek Herrian erosi, etxean jaso kanpainaren identifikatzailea dute ikusgai, baina zerbitzua herriko saltoki guztietan eska daiteke, guztiek eska baitezakete zerbitzu hori beraien bezeroentzat.
Bestalde, Zumarragako Udalak Klik eta Jaso zerbitzua ere eskaintzen du. Dendariek telefonoz edo internetez saldutakoa takila batean uzten dute eta erosleak hobeto datorkionean jasotzen du. Zerbitzu hori eskaini nahi duten dendek eta saltokiek 688 730 048 telefono zenbakira deitu behar dute izena emateko.