Datorren larunbatean Zumarragako azokan erosketak egiten dituztenek azokako poltsa berrerabilgarri bat lortu ahal izango dute. Horretarako, erosleek Zumarraga Berrikusi aplikazioan sartu beharko dute eta, ZB Klubaren barruan, AZOKA (otsailak 8) izeneko zozketa lokalizatu. Behin hara iritsita, egun bereko erosketa tiketa igo beharko dute (5 eurokoa gutxienez). Erabiltzaile bakoitzak poltsa bat eskuratu ahal izango du.
Ekimen honek bi helburu ditu: herritarrek erosketak Zumarragako azokan egitea eta poltsa berrerabilgarrien erabilera sustatzea. Poltsak Piedad kaleko kioskoan banatuko dira (Hirukia parean), 09:30etik 13:00etara. Poltsak banatzeaz gain, Herrian erosi, etxean jaso doako etxez etxeko banaketa zerbitzuaren berri emango dute. Baita beste udal ekimen batzuen berri ere, Zumarraga Bide Bizia marka turistikoa kasu.