Sortu ondorengo lehen urteetan, Goierri kirol elkartearen areto futbol taldeak sekulako arrakasta izan zuen. Sobietar Batasunera ere joan ziren. Han zeudela, Sobietar Batasunaren disoluzioa sinatu zen.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/1-1.jpg)
1991ko abenduaren 8an, Errusia, Ukraina eta Bielorrusiako presidenteek Belavezhako Ituna sinatu zuten. Bertan, Sobietar Batasunaren desegitea aldarrikatu zuten. Goierri kirol elkartearen areto futbol taldeak bertatik bertara bizi izan zuen gertakizun hura. Izan ere, Errusian zeuden. Zer demontre egiten zuten Errusian? Areto futbol taldea sortu berria zen, baina urte gutxitan sekulako maila lortu zuen. Hala, Errusiara joateko aukera izan zuten. Itzuli eta gutxira, abenduaren 25ean, Sobietar Batasuna desegin zen. Juan Luis Ayuso eta Carlos Adrados Potax delegatuek eta Jose Manuel Garcia Etxaniz Pitxi entrenatzaileak bidaia haren berri eman dute.
Goierriren areto futbol taldea Adradosen eskutik jaio zen. «Urola Eskubaloi Klubeko kadete mailako neskak entrenatzen nituen eta Hernanin, Donostian, Pasaian… areto futbolak indar handia zuela ikusi nuen. Ordurako nire kuadrillarekin inguruko areto futbol txapelketetan parte hartzen nuen eta Donostiako talde federatu asko ez ziren gu baino hobeak. Hala, Goierrikoei areto futbol taldea sortzea proposatu nien. Zumarragako Zelai Arizti pilotalekuan txapelketa bat antolatu genuen, jokalari onenei Goierrin jokatzea proposatzeko».
Lehen babeslea Pinturas Urretxu izan zen. Irungo Uranzu pilotalekuan egin zuten debuta, Pasteleria Agirre taldearen aurka. 0 eta 6 irabazi zuten. Taldeak sekulako emaitzak lortu zituen. Lehen bi urteetan mailaz igotzea lortu zuten. 1988-1989 denboraldian Euskal Ligara igotzea lortu zuten eta 1989-1990 denboraldian Espainiako Federazioaren Ohorezko Mailara. 1991-1992 denboraldian areto futbola bateratu egin zen eta bigarren mailara pasa ziren.
Bost urte eman zituzten goi mailan. Baina areto futbolean ere dirua sartu zen eta pixkanaka behera egin zuten. Dena den, inoiz ez dute bizitakoa ahaztuko. Adibidez, Errusiara egindako bidaia. «Espainiako Federazioak Errusiako txapelketa batean parte hartzeko gonbita jaso zuen eta gonbidapenaren berri eman zigun. Milioi eta erdi pezeta behar genuen eta, lehen mailan jokatzeagatik aldundiak diru hori zor zigunez, joatea erabaki genuen. Aldundiaren dirua garaiz iritsiko ez zenez, udalari mailegua eskatu genion eta dirua utzi zigun».
Kristalaren hiria
Ia bi aste eman zituzten Errusian. Gus-Jrustalni hirian. Kristalaren hiria bezala ezagutzen da, bertan Errusiako kristal fabrika ospetsuena baitago. Fabrika bisitatu zuten, noski. Dena primeran zihoan, baina beraiek han zeudela Belavezhako Ituna sinatu zen. «Aireportuak itxi zituzten, ezin genituen dolarrak gastatu, hango Federazioak errubloak utzi behar izan zizkigun baina denda asko itxita zeuden, ezin genuen etxera deitu… Zorionez, hotelekoek oso ondo zaindu gintuzten. Gauero orkestra batek jotzen zuen eta sekulako parrandak egin genituen», oroitu dute.
Goizetan ere vodka eskaintzen zieten. «Bai ala bai topa egin beharra zegoen… Pitu-k vodkarekin topa egitera gonbidatzen gintuenaren edalontzia hartu eta ura edaten zuela konturatu zen arte! Itzultzailea, berriz, KGBkoa zen. Handik urte batzuetara jakin nuen: Euskadiko nesken areto futbol selekzioarekin San Petersburgora joan nintzenean. Bidaia hartan ere bera izan zen gure itzultzailea eta orduan aitortu zidan. Izan ere, Goierrikook oso ondo portatu ginen berarekin: sobratu zitzaizkigun dolar guztiak eman genizkion», aipatu du Garcia Etxanizek.
Hamaika pasadizo bizi izan zituzten. «Egun eguzkitsu batean heldu ginen eta hotelaren parean laku bat zegoen. Hurrengo egunean bainua hartzeko asmoa genuen. Negua heltzear zela esan ziguten. Hala izan zen: hurrengo egunean, esnatu ginenean, lakua izoztuta zegoen».
Kiroldegian giroa beroagoa zen. «Australia, Georgia, Siberia, Ukrainako… taldeek parte hartu zuten. Hirugarren postuan sailkatu ginen. Finalerdietako partida Errusiako talde baten aurka jokatu genuen eta epaileak beraien alde egin zuen. Hirugarren posturako partidan protesta ekintza egin genuen: aurreskua dantzatu genuen eta partidako lehen minutuan ez ginen mugitu. Gol bat sartu ziguten, baina ez zekiten zer egin. Minutua pasa zenean jokatzen hasi ginen eta partida irabazi genuen». Errusiarrak gogorrak dira, baina urretxuarrak ere ez dira makalak…
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/2.jpg)
Partida batean.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/3.jpg)
Errusiako talde bateko jokalariei Goierriren kamisetak oparitu zizkieten.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/4.jpg)
Jose Miguel Arrizabalaga, aurreskua dantzatzen, protesta egin aurretik.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/44.jpg)
Sari banaketa ekitaldian.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/55.jpg)
Leninen estatuaren ondoan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/66.jpg)
Elurretan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/77.jpg)
Elurretan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/88.jpg)
Izoztutako lakuan, arrantzan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/99.jpg)
Lagun giroan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/a.jpg)
Kristal fabrikan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/b.jpg)
Izoztutako lakuan, arrantzan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/c.jpg)
Elurretan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/d.jpg)
Elurretan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/e.jpg)
Leninen estatuaren ondoan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/f.jpg)
Elurretan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/g.jpg)
Izoztutako lakuan, arrantzan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/h.jpg)
Kristal fabrikan.
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/i.jpg)
Gus-Jrustalni hiria.