![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/img_4349.jpg)
Urretxuko Udalak, Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren eskutik, herriak aniztasunarekin eta bizikidetzarekin duen konpromisoa islatuko duen mural bat margotuko du. Herrian zurrumurruen aurka egin den lana ikusarazi nahi da, gizarte barneratzaileagoa eta aurrejuzkurik gabea sustatzeko.
Zurrumurruen aurkako egitasmoan DBH4ko ikasleek parte hartzen dute, unitate didaktiko baten eskutik. Helburua zurrumurruen eta desinformazioaren eraginez sortzen diren aurrejuzkuek eragiten duten arrazakeriarekin eta xenofobiarekin bukatzea da. Gazteei zurrumurruak identifikatzen irakasten zaie, beraien eragina ulertzeko eta zurrumurruak desegiten estrategiak garatzeko.
Aurtengo edizioan Gainzuriko eta Urretxu-Zumarraga Ikastolako ikasleek parte hartu dute. Amaiera emateko, aipatutako murala egingo dute. Bertan, nerabeen hausnarketak jasoko dituzte. Gazteek hainbat bozeto egin dituzte eta lau hautatu dira. Ibane Cerezo artistak egokitu egin ditu eta margoketa lana gidatuko du. Goierri kirol elkartera daramaten eskaileretan margotuko dute, eguraldiak ahalbidetzen duenean. Udalak Cerezok eta nerabeek nola lan egiten duten ikustera gonbidatu ditu herritarrak. Sormena aldaketa erreminta garrantzitsua dela uste du.