Ander eta Jokin Rodriguezen Marques de Saka ganadutegiak abelburu guztiak hil behar ditu, tuberkulosia dela eta
![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/ander_eta_jokin_rodriguez.jpg)
Debako Marques de Saka ganadutegiak bere abelburu guztiak hil behar ditu, tuberkulosia dela eta. Ganadutegi hau Gipuzkoako zaharrena da (XIX. mendekoa da) eta Estatu espainiarreko hamaika tokitako ikuskizunetan lan egiten du. Ander eta Jokin Rodriguez zumarragarrek beraiekin lan egiten dute, aspalditik. Hala, Zumarragako jaietako zezen-plazara ekartzen duten ganadua ganadutegi horretakoa da. Aurten beste ganadutegi bateko zezenak eta behiak ekarri beharko dituzte.
Rodriguez anaiek Urretxuko jaietan ezagutu zituzten Marques de Saka ganadutegiko arduradunak. 2000. urtean beraiekin lan egiten hasi ziren. “Laguntzaileak gara. Ganadua herrietako festetara eramaten dugu, dokumentazioa prestatzen dugu, zezenen eta behien aurrean jartzen gara beraien suhartasuna probatzeko, behiei zein zezen bota erabakitzen dugu… Helburua abelburuen nortasuna mantentzea da. Suharrak dira eta hori zaintzen saiatzen gara”, aipatu du Jokinek.
Abelburu guztiak hil beharra oso gogorra da. “Ganadutegi bat ez da egun batetik bestera egiten. Hileta baten modukoa izaten ari da. Lortutako guztia galdu dugu. Oso gogorra da”. Lanean jarraitzeko asmoa dute. “Instalazioak, jendea eta gogoa ditugu. Animoz ez gaude oso ondo, baina berreskuratuko dugu. Jendearen babesa dugu eta hori oso garrantzitsua da. Beste maila batean, beste helburu batzuekin, baina jarraituko dugu. Hurrengo 15 egunetan ganadu guztia kenduko dugu eta ondoren garbiketa lana egingo dugu. Ez dakigu kutsadura nola hedatu den. Abelburuak Nafarroatik ekarriko ditugu eta udako festetan lan egiten jarraituko dugu. Zumarragako ikuskizuna oso errotuta dago eta Zumarragan izango gara, noski”.