Marta Lopez de Gaunak, Andoni Salamerok eta Gorka Larrañagak martxoan arkeztuko dute Arteriaren eta Urretxuko Udalaren laguntzarekin egiten ari diren lana

Arteriak eta Urretxuko Udalak hiru diru-laguntza eman dituzte bilatu gabeko bakardadearen eta buruko gaitzen inguruko artelanak egiteko. Diru-laguntza horietako bat Gorka Larrañaga, Marta Lopez de Gauna eta Andoni Salamerok jaso dute. Beraien lana izan da epaimahaiak hoberen baloratu duena. Artelana bukatzen ari dira eta prentsaurrekoa egin dute beraien lanaren berri emateko. Martxoan aurkeztuko dute.
Prentsaurrekoa gaur eguerdian izan da, Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Lopez de Gaunak, Salameroak, Maialen Fidalgo zinegotziak eta Arteriako Iker Zinkunegik parte hartu dute. Larrañagak ez du parte hartzerik izan. Arteria 2016an hasi zen lanean, artearen bitartez gizarte hobeago bat lortzeko. Zinkunegik dagoeneko 100 bat bazkide dituztela gogoratu du: udalak, ikastetxeak, kultur eragileak…
2023an, performancea
2020an Urretxuko Udalaren babesa lortu zuen. Ordutik lan ildo ezberdinak landu dituzte. Horietako bat diru-laguntzena da. Hala, 2023ko Santa Lutzi egunean, inklusibitateari buruzko performance batetaz gozatu ahal izan zen. 2024ko laguntzekin, berriz, nahi gabeko bakardadeari eta buruko gaixotasunei buruzko lana egiten ari dira. Larrañaga, Lopez de Gauna eta Salamero pintura, argazkigintza eta hitza uztartzen ari dira. Fidalgok egitasmo honek Urretxuko Udala garatzen ari den tokiko zaintza ekosistemarekin lotuta dagoela aipatu du. Izan ere, tokiko zaintza ekosistemak bilatu gabeko bakardadea ere lantzen du.
Arteriak Beasaingo Udalarekin ere lan egiten du eta elkarlan horren hurrengo fruitua bakardadeari eta buruzko gaitzei buruzko bakarrizketa antzeztua izango da. Larrañagak, Lopez de Gaunak eta Salamerok hortik ere edan dute beraien Izanaren artea lana prestatzeko. Bizitzari eta arteari buruzko hausnarketa da.
Lopez de Gaunak eta Salamerok oso esperientzia aberasgarria izaten ari dela aipatu dute (baita Larrañagak ere, Salamerok irakurritako idatzian). Bizitzea arte bat dela nabarmendu dute, eta udalari eta Arteriari eskerrak eman dizkiete.