
Actualidad economica aldizkariak, Espainiako ekonomia aldizkari zaharrenak, urteko enpresari onenari dagokion saria eman dio Josu Jon Imaz zumarragarrari. Imaz Repsol enpresako kontseilari ordezkaria da.
Sari banaketa ekitaldia Madrilgo Real Casinon izan da. Ekitaldian Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkateak eta Antonio Garamendi CEOEko presidenteak parte hartu dute, besteak beste.
Imazek ETAk hildako eta bahitutako enpresariei eskerrak eman dizkie eta industriak kalitatezko eta ondo ordaindutako enpleguak sortzen dituela aipatu du. Baita berikuntza sustatzen duela eta formakuntza jaso duten gazteei aukerak ematen dizkiela. Industriaren aldeko apustua egin behar dela gehitu du. “Enpresariak ezin dira populisten jomugan egon. Ez dut gutxienezko soldataz edo gizarte laguntzaz eztabaidatzen duen herrialde bat nahi. Horiek erreminta guztiz beharrezkoak dira baliabide gutxi dituztenentzat, noski, baina gazteek askoz ere soldata hobeak izatea eta segurtasun juridiko, soziala eta fiskala izatea dira nire helburuak. Enpresariak erakarri eta zaindu behar ditugu. Hori da Espainia moderno eta lehiakor bat lortzeko errezeta”.
Martinez-Almeidak Imaz goraipatu du. Politikan interes orokorraren alde aritu zela esan du eta Zumarragako zinegotzi izan zela gogoratu du. Garamendik ere Imaz goraipatu du. Bere “moderazioa” eta “entzuteko ahalmena” azpimarratu ditu. Teknologia gehiago eta ideologia gutxiago aldarrikatzen duela ere txalotu du.