Asteartean Ipeñarrieta kaleko Viuda de Gil fruta biltegiko eraikina bota zuten. Ondokoa ere bota egingo dute. Beraien tokian etxebizitzak eraikiko dituzte. Garai batean fruta biltegi asko izan ziren Urretxu eta Zumarragan.

Asteartean Viuda de Gil fruta biltegiko eraikina bota zuten, Urretxun. Ondokoa ere (Ipeñarrieta 30) bota egingo dute hilabete gutxi barru. Bi eraikinen egoera txarra dela eta, Urretxuko Udalak botatzea eta bere tokian etxebizitzak egitea jaso zuen Plan Orokorrean. Bi eraikin horien tokian 20 etxebizitza egingo dituzte. Garai batean fruta biltegi asko izan ziren Urretxun eta Zumarragan eta Viuda de Gilen eraikina garai haien azken aztarna zen.
Urretxu eta Zumarraga burdingintzagatik dira ezagunak, baina beste aktibitate batzuek ere garrantzia izan zuten. Fruta salmentak, adibidez. Trenbideak industriari mesede egin zion eta fruta salmentari ere bai. Izan ere, fruta trenean heltzen zen Urretxu eta Zumarragara eta ondoren hemengo fruta saltzaileek inguruko herrietara banatzen zuten.
Toki gutxitan izan ziren Urretxun eta Zumarragan bezainbeste fruta banatzaile eta saltzaile: Viuda de Gil, Perez, Viuda de Diez, Martinez, Rueda, Garces, Cruz, Aly, Urola… Gehienak saltzaileak ziren, baina beraien artean banatzaileak ere bazeuden. Egun, banatzaile bezala lan egiten duen bakarra Urola da.
Beste garai batzuk ziren eta fruta salmentan hastea irtenbide erraza zen lan egin nahi zuenarentzat: fruta erosi, ohol batzuekin postua muntatu eta saldu. Esan bezala, fruta trenean heltzen zen. Ondoren, banatzaileek trena bera edo autobusa erabiltzen zuten fruta banatzeko, furgonetak erosi zituzten arte. Herrian, astoa eta gurdia edota atoia zuen bizikleta erabiltzen zituzten, ibilgailuak erosi aurretik.
Fruta Mediterraneotik heltzen zen: Valentziatik, Murtziatik, Lleidatik, Tarragonatik… Ez zegoen gaur egungo aniztasuna eta garaian garaikoa saltzen zuten. Egun, negutegiei eta urrutitik ekartzen den generoari esker, urte osoan denetik dago.
Fruta exotikoena platanoa zen. Baita zainketa handiena eskatzen zuena ere. Lastoz inguratzen zituzten, ondoren paperetan bildu eta azkenik soka batekin lotu. Herrira heltzen zirenean, fruta banatzaileek platanoak zintzilikatu eta ontzen uzten zituzten. Bero ganberetan sartzen zituzten eta beroa zaindu beharra zuten, egosi ez zitezen. Gainera, ganbera ezin zen ireki, karburoarekin funtzionatzen baitzuen. Leiho batetik jarraitzen zuten ontze prozesua. Egun platanoak kaxetan heltzen dira eta prozesua ordenagailuz jarraitzen dute.
Lan gogorra
Galdategietako lana gogorra zen, baina fruta banatzaileena ere ez zen makala. Astoarekin eta gurdiarekin joaten ziren Zumarragako geltokira, frutaren bila. Saskietan sartzen zuten eta biltegira eramaten zuten. Ondoren, banaketa egiten zuten. Garai hartan hozkailurik ez zegoenez, egun baino askoz ere fruta gehiago galtzen zen. Lan nekeza zen, baina galdategietakoa baino osasuntsuagoa.
Hori bai, fabrikako langileak baino goizago jaikitzen ziren. Eta batzuetan biltegian bertan lo egiten zuten. Izan ere, sarritan platanoak gauerdian heltzen ziren eta berehala ganberan sartu beharra zegoen. Bukatzen zutenean, biltegian bertan lo kuluxka egiten zuten, zorioneko platanoen lastoaren gainean. 06:00etan, esnatu eta banaketa lana hasten zuten. Lanbide gogorra zen eta hurrengo belaunaldiek ez zuten lekukoa hartu. Egun, handizkako merkataritzan aritzen den bakarra Urola da.