![](https://www.otamotz.eus/site/files/2025/02/1-2.jpg)
Urretxuko Udalak Sormonak sormen lehiaketako sariak banatu ditu gaur arratsaldean. Sormen lehiaketa horretan Urretxu eta Zumarragako ikastetxeetan ikasten duten 14-18 urteko gazteek parte hartu dute. Helburua gazteek sormena garatzea eta nerabezaroaren ikuspegi positiboa zabaltzea izan da.
Gazteek ingeniaritzarekin, arte plastikoekin, musikarekin, dantzarekin, literaturarekin eta informatikarekin lotutako lanak aurkeztu dituzte. Lanak Eñaut Gaztañaga musikariak, Maddi Iraeta artistak, Antxiñe Mendizabal idazleak, Uxue Rey Berria egunkariko kultur kazetariak, Ane Errarte ingeniaritza ikerlariak, Oihane Vicente dantzariak eta Josu Etxaniz ingeniariak aztertu dituzte.
Bakarkako bi lan eta taldean egindako beste bi saritu dituzte. Bakarkako bi sariak Marifer Cervantesek eta Santino Maestrek irabazi dituzte. Biek margolanak egin dituzte. Taldean egindako bi sariak Unai Maillo, Aitor Ruiz de Alegria, Iker Madina eta Manex Balenziagak eta Nekane Iturbek eta Josune Cerverok irabazi dituzte. Maillo, Ruiz de Alegria, Madina eta Balenziagak ingeniaritza lan bat egin dute eta Iturbek eta Cerverok ipuin sorta bat.
Sari banaketa ekitaldia June Fontes Guerrerok eta Joanes Plazaola Rikondok girotu dute. Fontesek Tximeletak ez sentitzea kanta aurkeztu du eta Plazaolak Donostiak bi uharte zituenekoa lanaren hasiera irakurri du.