
Igone Campos mendiko eskiatzaile zumarragarrak humeroa hautsi zuen larunbatean Bandres-Karolo memorialean. Probako lehen jaitsieran eskia askatu zitzaion eta elur gogorrean izandako erorketaren ondorioz besahezurra hautsi zuen. Sare sozialetan testu bat argitaratu du, gertatutakoaren berri emanez eta lagundu ziotenei eskerrak emateko.
“Atzoko egunak eder argitu zuen eta bazirudien Bandres-Karolo memoriala gozatu ahal izango genuela, nahiz eta azken egunetako euriak elur baldintzak okertu zituen. Asmoa hori zen behintzat. Izan ere, azken hilabeteetan osasuntsu entrenatzen eta bideaz gozatzen ibili naiz eta indartsu ikusten nuen neure burua. Orain zetozen benetako mendiko eskiko lasterketa guztietarako motibazioa eta ilusioa inoizko handiena zen. Baina lasterketako lehenengo jaitsieran eskia irten eta elur gogorretan izandako erorketaren ondorioz humeroa hautsi zait eta badairudi datozen egunetan kirofanotik pasa beharko naizela. Orain mina handia da, bai besokoa, bai bihotzekoa, baina bizitzako alderdi guztietan bezala, denborarekin pasako da! Datozen asteetan bizipozari eustea izango da zailena, baina horretan ere gogor saiatuko naiz! Ezin duzue imajinatu zein esker oneko sentitzen naizen atzo lehenengo unetik sentitu nuen babes guztiagatik eta benetan hunkituta nago jasotako animo eta maitasun mezu guztiengatik. Mila esker atzo erreskatean lagundu zenidaten guztiei eta modu batean edo bestean babestu nauzuen guztiei!”.