
Hezkuntza publikoko langileek greba dinamika hasi dute. Langileen lan baldintzak hobetzeko eta eskola publikoa erdigunean jartzeko eskatu diote Hezkuntza sailari. Gaur arratsaldean kontzentrazioa egin dute Areizaga-Kalebarren plazan.
Greba LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuek deitu dute. Bihar greba zikloaren bigarren txanda hasiko da. Bihar eta etzi sukaldariek eta garbitzaileek egingo dute eta 26an eta 27an irakasleek.
Greba zikloaren lehen txanda oso positiboki baloratu dute sindikatuek. “Jaurlaritza gehiegizko zerbitzu minimoekin (eta familia zein lankideei zuzendutako gutunekin) greba baldintzatzen saiatu den arren, langileok mezu argia bidali diogu Hezkuntza sailari. Hauek dira gure aldarrikapen nagusiak: plantillak gazte-berritzeko neurrietan aurrerapausoak ezarri, eros ahalmena berreskuratu, enplegua egonkortu eta bermatu, lan zamak arindu, lizentzia eta baimenak hobetu eta osasun, euskara eta hezkidetza arloan hobekuntzak ezarri. Irakaslegoan, besteak beste, irakastorduak jaitsi eta burokrazia gutxitu eta sukalde eta garbiketan funtzioak zehaztu, kategoriak egokitu eta pribatizazioari mugak jarri. Argi dugu langileon mobilizazioarekin batera gure lan baldintzak hobetzeko negoziazio erreala lortuko dugula. Bikain ari gara langileok, indartsu gaude! Greba dinamikarekin jarraitu eta kaleak bete behar ditugu Hezkuntza sailak gure aldarrikapenei erantzun egokia eman arte, lan hitzarmen berriak lortu arte!”.