
Goierri kirol elkartearen txirrindularitza eskolak larunbatean aurkeztuko ditu bere taldeak, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Txirrindularitza eskolak berrikuntza asko ditu: arduradun berriak Juan Agirre eta Aitor Baztarrika gurasoak dira eta Manex Urien gazte beasaindarrak kadete eta gazte mailako taldeen zuzendaritza hartu du.
Urien 2003an jaio zen eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasten ari da Gasteizen. Azken ikasturtea du. Hainbat tokitan lan egin du orain arte. «Beasainen igerilekua duen urbanizazio bat dago eta bertan sorosle lanetan aritu naiz, bi udatan. Pirinioetan ere lan egin dut, Gorizeko aterpetxean, uda batean. Horretaz gain, Segurako futbol taldeko kadete mailako taldea entrenatzen dut. Futbolean jokatu nuen, Beasainen, unibertsitatera joan nintzen arte».
Goierri txirrindularitza eskolakoa du, beraz, txirrindularitzarekin lotutako lehen lana. «Txirrindularitza betidanik gustatu zait. Mundu horrek beti erakarri nau. Hala, udan Euskadi fundazioan praktikak egin nituen. Ander Zabala prestatzailearekin zortzi bat saio telematiko izan nituen. Bere lanaren berri eman zidan».
Unibertsitateko praktiken koordinatzaileak Goierriren txirrindularitza eskola zuzendari baten bila zebilela jakin zuen eta Urieni horren berri eman zion. «Etxe ondoan izanda, egokia iruditu zitzaidan. Izan ere, goizez ikasten dut eta arratsaldeak eta asteburuak libre ditut. Juan Agirrerekin hitz egin nuen eta baiezkoa eman nuen».
Eskolako arduradunak, gurasoak eta txirrindulariak ezagutu ondoren, entrenamenduekin hasi zen. Kadete mailakoek martxoaren 1ean izango dute lehen lasterketa, Beasainen gainera. Gazte mailakoek biharamunean izango dute lehen lasterketa, Eibarren. Urien beraiekin joango da lasterketetara. «Nire laguntza eskainiko diet. Oraindik eskola adinean daude eta helburu nagusia ez da irabaztea izango. Beste helburu batzuk horren aurretik jarri ditugu: gazteak gustura ibiltzea eta txirrindularitza beraientzat aberasgarria izatea. Oraindik asko dute ikasteko. Baita nik ere beraiengandik. Hortik aurrera, datorren guztia ongi etorria izango da», esan du.
14 eta 19 urte bitarteko gazteekin lan egiten ari da. «14tik 19ra salto handia dago. Pertsona bakoitzaren arabera lan egin behar dut, noski. Kadeteek ez dute entrenatzaile pertsonalik. Gazte mailakoek, berriz, entrenatzaile pertsonalak dituzte. Nire ardura taldea antolatzea, lasterketetan babesa ematea eta talde giroa sortzea da. Asteburuetan talde entrenamenduak egiten ditugu. Entrenamendu horietan bestelako konpetentziak lantzen saiatzen gara: lehen sorospenak landu ditugu eta nutrizioa ere landu nahi dut».
Txirrindulariekin, gustura
Oso gustura dago Goierriko txirrindulariekin. «Oso talde polita eta ona da. Denak oso jatorrak dira eta esandako guztia inongo kexarik gabe egiten dute. Elkar ezagutzen dute eta beraien arteko giroa oso ona da. Hasiera-hasieratik lana asko erraztu didate».
Larunbatean aurkezpena izango dute: 18:30ean, Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Kadete eta gazte mailako taldeekin batera, benjamin, kimu eta haur mailakoak aurkeztuko dituzte. 24 txirrindulari dira guztira. Aurkezpenean aurreko denboraldiko eta aurtengoaren prestaketako hainbat argazki ikusiko dira. Baita eskolatik pasa eta egun profesional mailan dabiltzan hiru txirrindulariren bideoak ere.