Urola Garaia mankomunitatearen Kirolean Euskaraz proiektua Eusko Jaurlaritzaren Kiroletik Bagoaz Euskaraz sarietan izendatua izan da

Eusko Jaurlaritzak Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria ematen du, kirol munduan gertatzen diren euskararen aldeko praxiak balioan jartzeko. Aurten izendatuetako bat Urola Garaia mankomunitatea da, azken sei urteetan egindako lana dela eta. Sari banaketa ekitaldia ostegunean izan zen eta Jon Luqui mankomunitateko lehendakariak aitorpen diploma jaso zuen.
Sari horrek jaurlaritzaren 2021-2024 Kirolean Euskara Sustatzeko Planean du bere jatorria. Euskararen erabilera aktibatzea eta sustatzea da errekonozitu nahi dena, eta hor kokatuko litzateke sari honen sorrera. Hori horrela, egitasmo honek kirolean euskararen erabilera era sistematikoan lantzen duten klubei zein pertsonei aitortza egin nahi die.
Aurten, Urola Garaia mankomunitatea izan da sari horietarako hautagaietako bat. Izan ere, azkeneko sei urteetan hiru diagnostiko kuantitatibo eta kualitatibo egin dituzte, eskualdeko kirol elkarteek kudeatzen dituzten eskoletan eta udal kirol zerbitzuetan, bereziki 16 urtez azpikoen artean, euskararen erabilera areagotzeko xedearekin. Diagnostiko horietatik, hiru katalogo argitaratu dituzte gure herrietan euskaraz entrenatzen duten taldeak nabarmenduz, eta balioa eman asmoz, gehiago ere batu daitezen. Katalogo horiek hainbat eratara zabaldu dituzte: etxe guztietara, Goierriko Hedabideekin lankidetzan, sei bideo laburretan… helburu nagusia gaztetxoei entrenamenduak euskaraz eskaintzen dizkieten entrenatzaileen lana goraipatzea ere izan da.
Aitortza hori eskualdeko kirol klubena ere bada, haien parte hartzerik gabe ezin izango bailitzateke mankomunitate mailako Kirolean Euskaraz aurrera eraman. Hori dela eta, mankomunitateak eskerrik beroena eman nahi die klub guztiei, besteak beste, euskararen erabilerari ere egiten dioten ekarpenarengatik.