Maialen Fidalgo zinegotziak bilatua ez den bakardadeari aurre egiteko egitasmoa aurkeztu du

Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako departamentuak Hariak Ekosistemaren topaketan parte hartu du gaur, Donostiako Arima hotelean. Adinberri fundazioak antolatutako topaketa horretan Adinberri-Hariak 2024 diru-laguntzen onuradun izan diren egitasmoak aurkeztu dira. Horrez gain, Korale Europa mailako proiektuaren aurrerapausoen berri eman da. Bi egitasmoen helburua, Adinberri-Hariak diru-laguntzena eta Korale proiektuarena, bilatua ez den bakardadeari aurre egitea da. Maialen Fidalgo Urretxuko Udaleko Gizarte Ekintza zinegotziak Urretxun Zaintzen egitasmoa aurkeztu du.
Adinberri-Hariak diru-laguntza deialdiaren eskutik 800.000 euro banatuko dira. Hiru lan ildo lagunduko ditu: bilatua ez den bakardadea ezagutu eta diagnostikatzeko proiektuak, konponbide berritzaileak garatzeko egitasmoak eta agente ezberdinen arteko elkarlana erraztuko duten ekosistemak sortzera bideratutako proiektuak.
Urretxun Zaintzen egitasmoari dagokionez, bere helburua bilatua ez den bakardadea ezagutzea eta horri aurre egitea da. Horretarako, bost lan ildo estrategiko ditu: kontzientzia eta heziketa, konpainia, teknologia berriak, komunitatearen eta gizarte sarearen sustapena eta senitartekoei aholkularitza.
Kontzientzia eta heziketari dagokionez, bilatua ez den bakardadea pairatzen duten bizilagunek horren jakitun izatea eta horri aurre egiteko erremintak eskaintzea da helburua. Horretarako, psikologo baten laguntza dute.
Akonpainamenduari dagokionez, udalak etxez etxeko laguntzako langileen rola indartuko du. Laguntza eskaintzeaz gain, zerbitzuaren erabiltzaileek gizartean parte hartzea sustatuko dute. Horretarako, etxez etxeko laguntzako langileei formazioa eskainiko zaie eta lan ordu zehatz batzuk zeregin horretara bideratuko dituzte.
Teknologia berriak ere erabiliko dira. Tableten, mugikorren eta aplikazioen bidez, Gizarte Zerbitzuen erabiltzaileek ariketa pertsonalizatuak izango dituzte, jarraipena egingo zaie eta Gizarte Zerbitzuekin harreman zuzena izango dute. Horretarako, teknologia berrien inguruko formazioa eskainiko zaie.
Aholkularitza saioak
Komunitatea funtsezkoa da, noski. Herrian abian jartzen diren egitasmoetan bakardadearen aurkako borroka kontuan izango da, bizilagunen arteko hartu-emana sustatuko da eta bakardade arriskuan daudenen parte hartzea bultzatuko da.
Bukatzeko, zaintzaile eta senitartekoentzako kontzientziazio eta aholkularitza saioak antolatuko dira. Saio horietan gizarte langileak eta psikologoak parte hartuko dute.