
Kultur Aterkiak intsumisioaren eta kontzientzia eragozpenaren inguruko ekitaldiak antolatu ditu, mugimendu antimilitaristak egindako ekarpena ahanzturan eror ez dadin eta belaunaldi berriei ezagutzera emateko. Izan ere, derrigorrezko soldadutzaren inguruan jaio zen mugimendu antimilitarista 1990eko hamarkadako ikurretako bat izan zen. Soldadutza egiteari uko egin zioten gazte asko epaituak izan ziren eta kartzelara joan ziren. Kultur Aterkiaren egitasmoa bihar (ostirala) aurkeztuko da, 19:00etan, Urretxuko udaletxeko portaloian.
Bihar 11 memoria ariketa: intsumisioa erakusketa irekiko dute udaletxeko portaloian. Erakusketa horren oinarria Iñaki Lizarraldek 1990eko hamarkadaren erdialdean ateratako argazkiak dira. Lizarraldek makina bat argazki atera ditu azken hamarkadetan: herritarrak, paisaiak…
1990eko hamarkadako giroarekin lotutako argazkietako batzuk digitalizatu eta inprimatu egin ditu, erakusketarako: manifestazioak, atxiloketak, epaiketak, UZTAk (Urretxu eta Zumarragako Talde Antimilitaristak) antolatutako ekintzak, gaztetxearen inguruan antolatutako ekintzak… Horretaz gain, lehenengoz, garai hartan prestatu zuen serie artistiko bat erakutsiko du. Argazki bilduma osoa hiru proiektoreren bidez ere proiektatuko da, soinuz lagunduta, itzalak erabiliz. Muntaia KaixoOierrek egin du, Iban Altunarekin batera.
Erakusketa hilaren 28ra arte izango da ikusgai: astegunetan 17:00etatik 19:30era eta asteburuetan 11:00etatik 13:30era. Urretxuko udaletxean antolatu izana ez da kasualitatea. Izan ere, bi udalek mugimendua babestu zuten eta Pello Gonzalez Urretxuko alkatea herriko intsumisoen epaiketetara joan zen.
Horretaz gain, zine-foruma antolatu dute: Lander Garro zinemagilearen 2 urte 4 hilabete eta egun bat dokumentala emango dute. Ondoren, solasaldia egingo dute zinemagilearekin eta erakusketako argazkietan ageri diren herritarretako batzuekin. Emanaldia martxoaren amaieran edo apirilaren hasieran izango da.
Kultur Aterkiak herritarrak memoria ariketa horretan parte hartzera gonbidatu ditu.

Julen Garralda intsumiso urretxuarraren epaiketa.