UGLEko hamar ikasle Marokora abiatu dira, beraiek prestatutako autoekin

Paris-Dakar munduko rally ezagunena da oraindik, baina dagoeneko ez du garai bateko xarma eta gainera jada ez da Afrikan egiten. Ez dago urrutira joan beharrik, ordea, garai bateko Dakarren izpirituaren lekuko izateko: UGLE lanbide eskolako Automozioko goi mailako zikloko ikasleek botatzera zihoazen bost auto konpondu dituzte eta Marokora joan dira beraiekin. Gaur abiatu dira, ikaskideen txalo eta animo artean.
Batirtze Arruebarrena (Zaldibia) eta Eneko Artola (Bedaio) Citroen Xsara batekin abiatu dira, Iñaki Osinalde (Gabiria) eta Jon Santamaria (Zumarraga) Volkswagen Polo batekin, Achraf Sbai (Etxarri) eta Eneko Martinez (Zumarraga) Peugeot 106 batekin, Iban Zabala (Zumarraga) eta Markel Zubia (Legazpi) Opel Vectra batekin eta Jon Lopez (Urretxu) eta Alex Vaquero (Legazpi) Citroen Saxo batekin.
Beraiekin batera hiru 4×4 auto joan dira (horietako batek hiru Paris-Dakar rallytan parte hartu du, parte hartzaileei laguntza ematen). Hiru Toyota horietan bost lagun doaz: Jon Andoni Torquemada, Kepa Paniagua, Dani Martin, Gotzon Arrizabalaga irakasleak eta Alex Maestre kamera.
Abiatu aurretik, Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariaren animoak jaso dituzte. «Ikasturte honetan Automozio zikloko ikasleek esperientzia berri bat aurrera eramatea erabaki dute: Marokora bidaia solidarioa. Irakasleen eta ikasleen arteko konpromisoa azpimarratu nahi dut. Autoak desegiteko tokietatik autoak ekarri dituzte eta konpondu egin dituzte. Lan horren saria, Marokora bidaia solidarioa da. Balore lanketa ere azpimarratu nahi ditut: solidaritatea, talde lana, autonomia, ardura… Lagundu diguten erakundeei eta enpresei ere eskerrak eman nahi dizkiet».
Torquemadak, Automozio zikloko tutoreak, ere hitza hartu du. «Duela zazpi bat hilabete erronka bat aurkeztu genien ikasleei eta erronkari heldu zioten. Erronkari horrek konpromiso batzuk zituen: autoak beraiek bilatu eta erosi dituzte. Eta beraiek ordaindu dute bidaia. Horretarako babesleak lortu dituzte. Irakasleok helburuak eta ezagutza didaktikoak auto horien konponketara egokitu ditugu. Lortu dugula uste dut. Xabierrek esan bezala, balioak asko landu ditugu. Arazo asko izan ditugu, baina abiatzeko eguna heldu da eta autoak martxan daude. Ikasleei egindako lana eskertu nahi diet: doazenei eta joaterik ez dutenei».
Ikasleen iritzia
Ikasle guztiak oso gustura ageri dira, baina bereziki Sbai. Izan ere, bere gurasoen sorterrira joango da. «Gurasoak Casablanca eta Fez-ekoa dira eta gertutik pasako gara. Ilusio handia egiten dit lagunekin bertara joatea. Gure Peugeot 106 autoa lehertuta zegoen, baina irakasleekin eta ikaskideekin batera konpontzea lortu dugu».
Arruebarrena ere oso pozik dago, noski. «Automozio ikasketak bukatzera goaz eta proiektu hau eskaini ziguten. Gogo handiz hartu dugu. Asko sufritu dugu eta bidean ere sufrituko dugu, baina oso harreman ona dugu eta elkar lagunduz ziur aurrera aterako garela». Bera da Marokora joango den neska bakarra. «Automozio zikloan bi neska gaude, baina besteak ez du joaterik. Lasai nago, oso ondo eramaten bainaiz klaseko mutilekin. Txikitatik autoen azpian ibili izan naiz aitarekin eta oso argi nuen Automozioa ikasiko nuela», aipatu du zaldibiarrak.
Gaur Sevillako kortijo batean lo egingo dute eta bihar itsasontzia hartuko dute Algecirasen. Ondoren, Marokon zehar bidaiatuko dute. 4.500 kilometro egingo dituzte zazpi egunetan.

Jon Santamaria (Zumarraga) eta Iñaki Osinalde (Gabiria).

Jon Lopez (Urretxu) eta Alex Vaquero (Legazpi)

Eneko Martinez (Zumarraga) eta Achraf Sbai (Etxarri)

Eneko Artola (Bedaio) eta Batirtze Arruebarrena (Zaldibia)

Iban Zabala (Zumarraga) eta Markel Zubia (Legazpi)