Lokala ordainduta eta hornituta dagoenez, bazkide berriek kuota bakarrik ordainduko dute

Galeperra elkartea, Urretxu eta Zumarragako elkarte zaharrena (2023an 100 urte bete zituen), itxita dago 2023tik. Bazkide talde bat berriro irekitzeko saiakera egiten ari da. Horretarako 60 bat bazkide behar dituzte. Printzipioz, ez lukete bazkide egiteagatik dirua ordaindu beharko, hileko kuota (30 bat euro baizik) soilik. Izan ere, elkartea hornituta dago. Berriro irekitzeko obra egin behar da, baina ez da obra handia eta kuotekin denbora gutxian ordaindu daiteke. Bazkide egin nahi dutenek edo informazio gehiago lortu nahi dutenek, 679 696 558 telefono zenbakira deitu dezakete edo galeperracazaypesca@gmail.com helbidera mezua bidali.
Gonzalo Gilek eman du egitasmoaren berri. “Sukaldeaz eta barraz arduratzen zen atezaina izan dugu beti. Pandemiak garaian atezainak elkartea utzi egin zuen eta ez genuen ordezkorik lortu. Hori dela eta, 2023an ateak itxi genituen. 121 bazkide genituen. Ordutik, elkartea itxita egon da, baina ehizarekin, arrantzarekin eta plater-tiroarekin lotutako ekintzak antolatzen jarraitu dugu. Elkartea itxita ikustea pena da eta berriro irekitzeko saiakera egin behar dugu. Horretarako, obra egin behar da. Baina ez da obra handia. 60 bat bazkide behar ditugu. Bakoitzak hilean 20-30 euro ordaintzen baditu, obra denbora gutxian ordainduko dugu. Nahikoa jendek izena ematen badu, bilera bat egingo dugu eta bertan adostu beharreko guztia adostu dugu: bazkide berriek bazkide egiteagatik zerbait ordainduko duten edo ez, hileko kuotaren zenbatekoa…”.
Galeperra Urretxu eta Zumarragako elkarte zaharrena da. Ehiza eta arrantzaren inguruan antolatu zen elkartea izanik, hasierako araudiak bazkide guztiak arrantzale edo ehiztari izatera behartzen zituen. Ondoren, baldintza hori kendu zuten, baina ehiza eta arrantza izan dira beti elkarte horren ezaugarri nagusia. Oraindik ere plater-tiroketak, ehitza lehiaketak eta Pagotxoetako ehiza postuen zozketa antolatzen dituzte. 1981ean Tomas Lekuona Txapel, bazkideak Espainiako amuarrain arrantza txapelketa irabazi zuen.
Musean ere trebeak izan dira Galeperra elkarteko bazkideak. 1983an eta 1987an Legazpi, Urretxu eta Zumarragako elkarteen arteko mus txapelketa irabazi zuten. 1983an Jacinto Tejedor, Sixto Gartzia, Lauren Busca eta Manuel Txorizero izan ziren garaileak. 1987an, berriz, Joxe Agirre, Joaquin Izagirre, Jose Mari Fonseca eta Manuel Iraola.
Ehizari dagokionez, makina bat saio eginak dira. Garai batean Errioxa aldera joaten ziren bertako artzainek erabiltzen duten bidean ehiza egitera. Toldo handi bat eta janariak eraman eta bi aste pasatxo igarotzen zuten bertan ehizan. Urte batean sekulako elurtea izan omen zen eta bertan geratu omen ziren ez aurrera eta ez atzera eguraldiak onera egin arte.
1973an 50. urteurrena ospatu zuten eta 1998an 75. urteurrena. Mendeurrena ez zuten ospatzerik izan. Ea berriro irekitzea ospatzerik dute.

Galeperrako bazkideak, 1958an, Errioxan basurdea ehizatu ondoren.

50. urteurreneko ospakizuna.

1959an ateratako argazkia. Ezkerretik eskuinera: Bernardo Bergarajauregi, Mariano Gabilondo, Manuel Peinado, Juanjo Badiola eta Ignacio Otaegi.