Martxoaren 27an 'Bi urte, lau hilabete eta egun bat' dokumentala emango dute eta maiatzaren 10ean antimilitarismoari buruzko hitzaldia egingo dute

Kultur Aterkiak intsumisioaren eta kontzientzia eragozpenaren inguruko ekitaldiak antolatu ditu, mugimendu antimilitaristak egindako ekarpena ahanzturan eror ez dadin eta belaunaldi berriei ezagutzera emateko. Izan ere, derrigorrezko soldadutzaren inguruan jaio zen mugimendu antimilitarista 1990eko hamarkadako ikurretako bat izan zen. Soldadutza egiteari uko egin zioten gazte asko epaituak izan ziren eta kartzelara joan ziren. Kultur Aterkiak erakusketa, dokumental emanaldia eta hitzaldia antolatu ditu.
Atzo 11 memoria ariketa: intsumisioa erakusketa ireki zuten Urretxuko udaletxeko portaloian. Erakusketa horren oinarria Iñaki Lizarraldek 1990eko hamarkadaren erdialdean ateratako argazkiak dira: manifestazioak, epaiketak, UZTAk (Urretxu eta Zumarragako Talde Antimilitaristak) antolatutako ekintzak, gaztetxearen inguruan antolatutako ekintzak… Argazki bilduma osoa hiru proiektoreren bidez ere proiektatzen da. Horretaz gain, lehenengoz, garai hartan prestatu zuen serie artistiko bat ikusgai jarri da: Lizarraldek Julen Garralda intsumisoari ateratako argazkiek militarismoak gizabanakoari sortzen dion sufrimendua irudikatzen dute. Erakusketan, Egin egunkariak intsumisioari buruz argitaratutako albisteak eta Memoriaren Kutxa ere ikus daitezke. Memoriaren Kutxan gaiarekin lotutako guztia jaso dute. Herritarrek beraien ekarpena egin dezakete, etxea dutena eramanda. Gainera, inaugurazio ekitaldian, Jorge Andueza Pituk intsumisioari buruzko bertsoak abestu ditu, Asier Alkortak lagunduta. Bertso horiek Martxoan Bertsoa ekimenerako idatzi zituen. Ekitaldiaren amaieran, portaloian elkartu diren intsumisoek taldeko argazkia atera dute. Erakusketa hilaren 28ra arte izango da ikusgai: astegunetan 17:00etatik 19:30era eta asteburuetan 11:00etatik 13:30era. Ikastetxeek ere erakusketa bisitatuko dute. Izan ere, LH eta DBHko ikasleei zuzendutako unitate didaktikoa prestatu dute.
Kultur Aterkiak beste bi ekitaldi ere antolatu ditu. Martxoaren 27an zine-foruma egingo dute Zelai Arizti aretoan. Lander Garro zinemagilearen Bi urte lau hilabete eta egun bat dokumentala emango dute. Ondoren, solasaldia egingo dute zinemagilearekin eta herriko intsumisoekin. Bukatzeko, maiatzaren 10ean antimilitarismoari buruzko hitzaldia egingo dute gaztetxean. Kontzertua ere izango da.