Hondakin txikientzako dira eta aurki beste bi jarriko dituzte Urretxun

Sasieta mankomunitateak bi minigarbigune jarri ditu Zumarragan: Iparragirre kalean (Zelai Arizti parkearen eta BBVA banketxearen artean) eta Izazpi auzoan. Minigarbigune hauei esker, herritarrek ez dute Deskargako garbigunera joan beharra izango traste txiki bat bota behar duten bakoitzean. Urretxun beste bi minigarbigune jarriko dira egun gutxi barru: Kalerrotan (HD parean) eta Labeagan (Nautalia parean). Sasietak aldundiaren diru-laguntza jaso du.
Minigarbiguneek zazpi sarbide eta biltegi dituzte, beste horrenbeste hondakin sartzeko: tresna elektriko eta elektronikoak, informatika eta telekomunikazioak, bonbilak eta fluoreszenteak, tinta kartutxoak eta tonerrak, metala (enbaseak ezik), erradiografiak eta plastikoa (enbaseak ezik). Minigarbiguneei esker hondakin hauen bilketa hobetuko da, bizilagun batzuk edukiontzi grisera botatzen baitituzte, eta birziklatzeko edo berrerabiltzeko aukera handituko da. Minigarbiguneko sarbidetik sartzen ez diren hondakinak ez dira lurrean utzi behar, Deskargara eraman behar dira.