
Sutobal enpresak hilabete barru botako du Forjas Zumarragako enpresako eraikina. Lehenago horretan espezializatutako enpresa batek amiantozko piezak kenduko ditu. Fabrika bota ondoren, 30 etxebizitza libre egingo dituzte bertan. Etxebitza horien eraikuntzaren hasierak ez du datarik oraindik.
Forjas Zumarraga enpresa Pedro, Martina eta Juan Jose Arrizabalaga anai-arrebek sortu zuten. Anai-arreba hauek Agiñan jaio ziren: taberna eraiki zen tokian zegoen baserrian. Banan-banan, Agiñatik Zumarragara jaitsi ziren lan egitera. Handik urte batzuetara, elkartu eta aroztegi bat ireki zuten Kalebarrenen bertan. Ondoren, duela 65 bat urte, Forjas Zumarraga enpresa sortu zuten.
Aroztegian mahaiak, aulkiak, jostotzarak, esekilekuak… egiten zituzten. Forjan, berriz, enpresa ezberdinentzako piezak egiten zituzten. Automoziorako pieza asko egin zituzten. Barreiros eta Santana enpresentzat, besteak beste. Enpresa 35 bat langile izatera iritsi zen, baina 2006an itxi egin zuten.
Aipatu bezala, Forjas Zumarraga dagoen tokian Sutobal enpresak etxeak egingo ditu, baina obrak ez du hasiera datarik oraindik. Sutobal bi etxebizitza bloke martxan ditu dagoeneko Kalebarrenen, Forjas Zumarragaren ondoan. Eraikin bat altxatu du jada eta datorren urteko udarako prest egongo da. Bestean zuloa egin dute dagoeneko eta obra 2026ko amaieran bukatuko da.