Urretxu-Zumarraga ikastolako bi taldek hirugarren eta laugarren sariak lortu dituzte gazteen artean ekintzailetasuna sustatzeko lehiaketan. Startinnona El Diario Vascok antolatzen du, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren, EHUren, ADEGIren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. Lau hilabetez gazteek era askotako proeiktuak garatu dituzte Gipuzkoako enpresa arloko eragileen aholkularitzarekin.
Aurtengo edizioan Batxilergoko eta Lanbide Heziketako 34 ikastetxetako 159 proiektu aurkeztu dira eta bost lan finalisten artean Urretxu-Zumarraga ikastolako bi talde izan dira. Maialen Sasieta Zaldua, Markel Zabaleta Artolazabal, Naia Begiristain Elgarresta eta Xabi Antia Landak osatutako taldeak bertako produktuekin osatutako bazkari-afariak eskaintzen dituen ekimena aurkeztu dute. Oier Luqui Moro, Naier Ezkerra Irastorza, Mikel Irizar Arrieta eta Danel Zabaleta Pozuetak osatutako taldeak, berriz, adimen artifizialak ikasketetan laguntzeko app-a diseinatu dute. Gaur, Donostian, epaimahaiaren aurrean euren proiektuak defendatu ondoren, hirugarren eta laugarren postuak eskuratu dituzte hurrenez hurren.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Egin HITZAkide