‘Mugikorrik gabeko arnasguneak’ kanpaina aurkeztu dute Altxa Buruakek eta Urretxuko Udaleko Gazteria sailak
Hainbat eraikinetan bereizgarriak jarriko dituzte, erabiltzaileak espazio horietako zerbitzuak mugikorrik gabe gozatzera gonbidatzeko

Altxa Buruak taldeak eta Urretxuko Udaleko Gazteria sailak Mugikorrik gabeko arnasguneak kanpaina aurkeztu dute. Kanpaina horren bitartez, hezkuntza formalerako eta ez formalerako, kirolerako, kulturarako eta aisialdirako diren eraikinetan, mugikorrak albora utzita lekuan lekuko ekintzaz gozatzeko eta ekintzari etekin pertsonal eta taldekako handiena ateratzeko gonbidapena da. Eraikinetako sarreretan bereizgarriak jarriko dituzte horretarako. Kanpaina udalaren hainbat eraikinetan abiatu badute ere, komunitateko gainerako erakunde, eragile eta zerbitzuei ere egin diete gonbidapena. Bereizgarriak Urretxuko kultur etxean edota gazteria@urretxu.eus helbidean eskura daitezke.
Altxa Buruaken zuzenean eta zeharka parte hartzen duten gurasoen eta Urretxuko Udalaleko Gazteria sailaren beste ekimen bat da honakoa. Elkarlanean, haur eta nerabeen ongizatea sustatu nahi dute, eta horren bitartez baita komunitatearena berarena ere. Prentsaurrekoaren ondoren, urteko lehen bilera egin dute, urte honetako lehen ekimenak aztertzeko eta garatzen hasteko.