
Igandean, 12:00etan, binakako txapelketako partida jokatuko dute Zumarragako Beloki pilotalekuan: Barrokal eta Arrastiak, Iturriaga eta Mendibururen aurka jokatuko dute. Partida hasi aurretik Naroa Elizalde pilotari nafarra gogoratuko dute. Elizalde atzo hil zen, 27 urterekin, gaixotasun baten ondorioz. Ados pilota elkartearen sortzaileetako bat izan zen: emakumeen lehen talde profesionala. Ados pilota elkarteak antolatzen du, hain zuzen ere, bihar Zumarragan jokatuko duten txapelketa. Martxoaren 29an omenaldia egingo diote, txapelketaren finalean.
Zumarragako Udalak eta Adosek prentsaurrekoa egin behar zuten gaur, igandeko partida aurkezteko. Elizalderen heriotza dela eta, prentsaurrekoa bertan behera gelditu da. Zumarragako Udalak doluminak helarazi nahi dizkie une latz hauetan bere familiari, lagunei eta pilotan aritzen diren guztiei. “Emakumeen pilota sustatzen eta profesionalizatzen utzi duen ondarea beti izango da oroitua eta ohoratua. Igandean omenaldi hunkigarria egingo zaio, euskal pilotaren alde egin duen lan nekaezina eta kirol horrekiko izandako grina aitortuz. Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan Zumarragan jokatuko den emakumezkoen goi mailako pilota partidu horretara joatera animatzen ditugu herritarrak”.