33. edizioa datorren asteazkenean hasiko da eta Oier Ibarluzea urretxuarrak parte hartuko du

Datorren asteazkenean Xabier Goñi zenaren omenezko pilota txapelketaren 33. edizioa hasiko da. Txapelketa hau afizionatu mailan antolatzen direnen artean garrantzitsuenetakoa da. Hala, txapelketa jokatzen duten asko profesional mailara pasatzen dira. Egun profesional mailan ari diren pilotarien %75ak Goñiren omenezkoa jokatu du.
Hori azpimarratu zuen, hain zuzen ere, Iñigo Viana antolatzaileak aurtengo txapelketaren aurkezpenean. «Iaz pena handi xamarra hartu genuen, bere lehen kanporaketa gainditu eta finalerdietarako sailkatuta zegoela, Gabirondo ordezkatu behar izan genuenean, Aspek debuta egiteko eskaintza egin eta eguna jarri ziolako. Baina, era berean, Beloki pilotalekutik urtez urte pasatzen diren pilotarien maila agerian jartzeko ere balio du».
Beloki klubeko eta Kirozale enpresako ordezkariak iaz Goñi txapelketa irabazi zuen Ander Muruak ere profesional mailara salto egin duela gogoratu zuen. «Ez da kasualitatea. Txapelketa antolatzerakoan zenbakiak egiten aritu gara eta egungo bi enpresa profesionaletan ari diren pilotarien %75a debutatu aurretik Goñiren omenezkoan ikusi dugu. Hori asko esatea da».
Profesionaletan aritu aurretik, Baikoko 17 pilotarik (Alberdi, Artola, Bakaikoa, Jaka, Larrazabal, Senar, Peña, Laso, Zubizarreta, Elizegi, Aranguren, Albisu, Imaz, Morgaetxeberria, Lizeaga, Mariezkurrena eta Ugartemendia) eta Aspeko 16k (Aldabe, Altuna III, Arbizu, Bikuña, De La Fuente, Egiguren, Elezkano, Elordi, Erostarbe, Exposito, Ezkurdia, Gabirondo, Gaskue, Mata, Murua, Peio Etxeberria, Salaberria) Zumarragan jokatu zuten. Zifra hori altuagoa izan zitekeen: Martxel Iztueta 2022ko txapelketaren aurkezpenean izan zen, baina zorigaiztoko lesio baten erruz uko egin behar izan zion txapelketan parte hartzeari.
Aurten ere, Zumarraga eta inguruko pilotazaleei «egungo afizionaturik onentsuenak bertatik bertara ikusteko aukera ematea» izan da antolatzaileek parte hartzaileak aukeratzerakoan erabili duten irizpidea. Hala, goi mailako parte hartzea izango da. «Apeztegia, Loza, Landa, Amiano, Egiguren, Zubizarreta, Irribarria eta enparauek goi mailako ikuskizuna ziurtatzen dute elite mailan eta Etxeberria, Sarasibar, Harkaitz Murua eta Egurrola gazteek ere euren onena emango dute promesen mailako kaiolan. Aurten, gainera, herriko pilotazaleek Oier Ibarluzea urretxuarra animatzeko aukera izango dute».
Beste hiru goierritarrek ere parte hartuko dute: Beñat Zubizarreta ataundarrak, Beñat Garmendia beasaindarrak eta Ekhi Irribarria aramarrak. Hirurek elite mailako txapelketa jokatuko dute. Zubizarretak eta Garmendiak elkarrekin jokatuko dute, gainera. Irribarriak Cuairanekin jokatuko du.
Urtero legez, Goñiren omenezkoa zazpi aste luzatuko da: martxoaren 5ean hasiko da eta apirilaren 16an, Aste Santuko asteazkenean, amaitu. Lehen lau jaialdiak Beloki pilota eskolako umeen partidekin hasiko dira eta finalerdietatik aurrera jaialdiak dagoeneko martxan den pilota txapelketa herrikoiko partidekin hasiko dira. Finalak ETBn eta Kirolzaleren Youtube kanalean ikusi ahal izango dira.
Abonuak
Beloki pilotalekura gerturatzen diren zaleei astero-astero sarrerak erosten aritu behar ez izateko eta euren fideltasuna nolabait saritzeko, abonuak salgai jarriko dituzte. Zazpi jaialdietarako abonuak 28 euro balio du. Sarrerei dagokienez, final laurdenetakoek 4 euro balio dute, finalerdietakoek 6 eta finalekoek 10. Abonua erosten dutenek 10 euro aurreztuko dituzte, beraz. Abonuak erosteko, 697 502 025 telefono zenbakira deitu behar da edo kirolzale.eus webgunera jo.
Txapelketa datorren asteazkenean hasiko da. Promesa mailako lau t’erdiko partidan, Etxeberriak Ramirezen aurka jokatuko du. Ondoren, Rekaldek eta Bernaolak, Fernandez eta Apeztegiaren aurka jokatuko dute. Ibarluzeak martxoaren 19an jokatuko du, Cestauren aurka. Gainontzeko hiru goierritarrek, berriz, martxoaren 26an jokatuko dute. Elkarren aurka, gainera. Pilota jaialdi guztiak 18:30ean hasiko dira.