Urretxun eta Zumarragan beti izan da ziklo-kros zaletasuna. Aner Irizar eta Auritz Ormazabal gazte mailako txirrindulariak dira egungo ordezkariak.

Urretxun eta Zumarragan ziklo-kros zaletasun handia izan da beti. Amelio Mendijur Beasainen antolatu zen Munduko Txapelketa irabazteko faboritoetako bat zen, baina Eitzan behera heriotza aurkitu zuen. Joxe Mari Iurrebasok, berriz, hamaika lasterketa irabazi zituen. Espainiako Txapelketa hirutan irabazi zuen. Katea ez da eten. Urretxuk eta Zumarragak egun ere ordezkariak dituzte ziklo-kros probetan, Aner Irizar eta Auritz Ormazabalen eskutik.
Irizar eta Ormazabal 2008an jaio ziren eta gazte mailan ari dira. Umetatik ezagutzen dute elkar. Elkarrekin ikasi zuten Urretxu-Zumarraga ikastolan. Iaz arte elkarrekin aritu ziren. Egun, Ormazabal Mekanizatua ikasten ari da UGLE lanbide eskolan eta Irizar Egokitze Fisikoa Oñatin.
Bizikletari dagokionez, Irizar aurrebenjaminetan hasi zen. Ormazabal beranduago hasi zen: haur mailako bigarren urtean. «Nire familian zaletasun handia dute eta horren eraginez hasi nintzen», azaldu du Irizarrek. «Niri ere umetatik gustatzen zait bizikletan ibiltzea. Lasterketetan parte hartzea erabaki nuen eta gustatu egin zitzaidan», azaldu du Ormazabalek.
Irizar kadete mailako lehen urtean hasi zen ziklo-kros probetan parte hartzen eta Ormazabal, berriz, kadete mailako bigarren urtean. Irizarrek hirugarren denboraldia osatu du eta Ormazabalek bigarrena. «Lokatza asko gustatzen zaigu», diote. Erreportajeko argazkia Espainiako Txapelketakoa da eta egun hartan lokatzez lepo bukatu zuten. Lokatz «gehiegi» zegoela onartu dute.
Espainiako Txapelketa
Lehen denboraldia egin dute gazte mailan. Zaharragoekin lehiatu dira, beraz. Hala ere, lan ona egin dute. Galiziako As Pontes herrian jokatu zen Espainiako Txapelketan, adibidez, Irizar zumarragarra bederatzigarren postuan sailkatu zen eta Ormazabal urretxuarra hamaseigarren postuan. Datorren denboraldian ere ziklo-kros probetan parte hartzeko asmoa dute. «Aspertu arte jarraituko dugu», esan dute bi lagunek.
Errepideko denboraldiari dagokionez, duela gutxi hasi dute. Badakite, gazte mailako lehen urtea izanik, sufritzea tokatuko zaiela. Ormazabali ibilbide lauak gustatzen zaizkio eta Irizarri, berriz, aldapa motz asko dituztenak.
Irizar Arabako Alimco-Campagnolo taldearekin lehiatzen da eta Ormazabal, berriz, Goierri-Bellota herriko taldearekin. Zumarragarrak otsailaren 22an hasi zuen errepideko denboraldia, Extremadurako Don Benito herrian jokatu zen Espainiako Kopako lehen proban. Urretxuarrak, berriz, igandean hasi zuen denboraldia: Eibarko Udaberri Sarian.