Marta Lopez de Gaunak, Andoni Salamerok eta Gorka Larrañagak 'Izanaren artea' aurkeztuko dute martxoaren 14an Urretxun

Marta Lopez de Gaunak, Andoni Salamerok eta Gorka Larrañagak Izanaren artea lana aurkeztuko dute martxoaren 14an, 19:00etan, Urretxuko Labeaga aretoan. Ikuskizunaz gozatu nahi dutenek gonbidapena jaso behar dute ostiraletik martxoaren 13ra Aizpurunea kultur etxean.
Horra hor beraien lanaren azalpena. “Gizakiak izateko behar duen guztia bere baitan duenez, barrurako bidea egin behar du, nahitaez. Barruan izanagotzen duenaz gain, ezintzen dituen beldurrak ditu, eta beldurrok ezagutuz eta kudeatuz, bera ezagutzeko aukera irekiko zaio. Barruan, beldurrez gain bere gaitasunak ditu, eta hauek topatuta, gaitasunoz baliatuz, ARTEA sortzeko egokiera izango du, arteak erakutsiko dio izanez sortzen, eta sortuz izaten”. Pintura, argazkigintza eta hitz uztartu dituzte bizitzari eta arteari buruzko hausnarketa egiteko.
Lan hori, Arteria proiektuan parte hartzen duten zortzi udalen (Urretxu, Zumarraga, Legorreta, Ormaiztegi, Ordizia, Segura, Lazkao eta Beasain) eta Dar-Dar kooperatibaren laguntzarekin egin dute. Udalek eta Dar-Dar kooperatibak 9.000 euroko diru-laguntza bat eman dute bilatu gabeko bakardadearen eta buruko gaitzen inguruko artelan hau sortzeko.