19:00etatik 21:00etara azken pintxo-potea egingo dute

Galilea tabernak bere ateak itxiko ditu gaur. 19:00etatik 21:00etara pintxo-potea egingo dute eta horrekin amaituko da 55 urteko historia. Farias purutik pintxo-potera salto egin duen arren, Zumarragako taberna berezienetako bat izaten jarraitzen du. Beste garai baten azken lekukoa. Gizartea, Zumarraga eta tabernak beste era batekoak ziren garaikoa. Galilea bi gauzengatik izan da ezagun, batez ere: bezero ia guztiak gizonezkoak zirelako eta egunero karta partida asko jokatzen zirelako. Tabernetan erretzea debekatu zuten arte, tabakoagatik ere ezaguna zen: bertara sartzeko erretzailea izatea derrigorrezko baldintza zela zirudien eta bertako behelainoa Ormaiztegikoa baino itxiagoa zen.
Galilea taberna duela 55 urte ireki zuten, Orbegozo enpresako greba sonatuaren garaian. Eta ez du garai hartako izpiritua galdu. Ardoa, kafea, pattarra, Farias puruak eta kartak izan dira tabernako protagonista nagusiak 55 urte hauetan. Zumarragar asko lehen egunetik dira bertako bezeroak.
Galilea errioxar jatorriko bi bikotek ireki zuten: Josemari Galilea eta Julia Ramirezek eta Jesus Galilea eta Rosario Tejadak. Jesus izan zen Zumarragara etortzen lehena. Koinatu baten bitartez etorri zen eta Orbegozo enpresan lan egiten hasi zen. Ondoren, bere anaia eta bere koinata etorri ziren. Bi bikoteek Eitzagako Korta taberna hartu zuten. Handik urte gutxira, bi bikoteek Galilea taberna ireki zuten Urdaneta hiribidean. Beraiekin Josemari eta Jesusen anai batek lan egin zuen: Juanito Motxok.
Ondoren, familiako bi lehengusuk hartu zuten erreleboa: Maria Ramos Galileak eta Rosi Galileak. Maria Ramos, Josemari eta Juliaren alaba da. Rosi, Jesus eta Rosariorena. Duela 10 urte Rosik erretiroa hartu zuen eta Rosa Ortegak hartu zion lekukoa. Rosa eta Rosi koinatak dira. Ramosek erretiroa hartu zuen 2022an eta ordutik Rosa arduratu da tabernaz.
Rosa Palentziakoa (Espainia) da eta duela 15 urte etorri zen Euskal Herrira. «Palentzian bingo batean, supermerkatu batean eta fabrika batean lan egin nuen, besteak beste. Hemen, Legazpiko Plasnor enpresan lan egin nuen. Rosi jubilatu zenean, bere lekua hartu nuen tabernan. Ramosekin lan egin nuen, 2022an erretiroa hartu zuen arte».
Orain berak utzi du taberna, baina ez erretiroa hartu duelako. Izan ere, 55 urte ditu oraindik. Nekeak eraginda erabaki du Galilea uztea. «Pandemiatik, jaitsiera nabaritu dugu. Gainera, egun osoa tabernan ematen dut. 10:30ean etortzen naiz eta gauerdian itzultzen naiz etxera, taberna ondo garbitu ondoren. Izan ere, hurrengo egunerako dena txukun uztea gustatzen zait. Nazkatu egin naiz. Oraingoz, nire asmo bakarra nire etxea txukuntzea da. Ondoren, lan bila hasiko naiz. Izan ere, kotizatzen jarraitu beharra dut».
Tabernako lanaz nekatuta dagoen arrean, pena apur bat ematen dio Galilea ixteak. «Tabernan elkartzen garen guztiok familia handi bat osatzen dugu. Egun batean batekin diskutitzen dut, hurrengoan beste batekin… Bezeroei pena ematen die tabernak ixteak, baina ulertzen dute».
Bezeroaren iritzia
Galileak utzitako hutsunea nabarituko duenetako bat Miguel Jimenez da. Zumarragarra da, baina 40 urte daramatza Oñatin. Hala ere, astero etortzen da Galileara. «Zumarragan bizitzen nintzenean, urtero etortzen nintzen partida jokatzera. Legazpiko papertegian, Oñatiko Ulma enpresan eta Arrasateko Politeknikoan lan egin nuen. Oñatira joan nintzen bizitzera, baina ez nion utzi Galileara etortzeari: astean bitan etorri izan naiz. Arratsaldero karta partidak jokatzen ziren: txintxonean, musean… Taberna bete egiten zen, arratsaldero».
Ortegak negozioa salgai jarri du (lokala ez da berea), baina oraingoz ez du eroslerik. Bezeroek beste tabernaren bat aurkituko dute, baina ez da Galilea izango.