
Hezkuntzako aurre-matrikulazio garaia iritsi zen gurera. Bertan, Urretxu-Zumarragan, eskaintza zabala da oso: La Salle-Legazpi, UZ Ikastola edo Gainzuri Eskola Publikoa. Familia bakoitzak askatasun osoa du, noski, egokien deritzon hautua egiteko. Guri, Eskola Publikoaren aldeko hautua egitea erabaki dugunoi, harritu egin gaituzte Urretxuko zenbait ordezkarik komunikabideetan egindako hainbat aurkezpenek. Izan ere, datak kontutan izanik, gehiago zirudien doako publizitate kanpaina, herritar guztien mesederako izango den proiektu batena baino.
Urtarrilaren 30ean, matrikulazio epearen atarian, Urretxuko Udaleko arkitekto, zinegotzi eta alkateak berak, UZ Ikastolako zuzendariarekin batera, Aldiri Bi kiroldegiaren proiektua ezagutzera eman zuten. Handik hainbat egunera zabaldutako bideoan, infografia baten bidez, eraikuntza asmoa zein den garbi adierazten da. Ikastolak utzi dituen lursailetan, honen eta Udalaren arteko elkarlanean sortutako 7 milioi euroko proiektua aurkeztu zen. Azpiegitura hau, ulertzera eman zenez, Ikastolak, ikas orduetan, modu esklusiboan erabiltzeko aukera izango omen du. Matrikulazio-orriak banatzea besterik ez zen falta.
Udal gobernuari, bere osotasunean, gogoratu beharko litzaioke, urretxuar guztien ordezkari diren aldetik, neutraltasunez jokatzea dela beraien ardura. Abestiak dioen bezala, ez gara inor baina gehiago, baina ezta gutxiago ere.
Guk, gure seme-alabentzat, Eskola Publikoren ereduaren aldeko hautua egin dugu, guztion eskolaren aldekoa. Etorkizuneko gizarte inklusiboa eraikitzeko bidea publikoa dela argi dugu, eta maite dugun hori zaintzeko borrokan jarraituko dugu. Euskal Eskola Publikoaz harro gaudelako.
Testua: Gainzuri ikastetxeko eta Jose Mari Iparragirre institutuko guraso elkarteak.