Ana Cabezas argazkilari ordiziarrak ‘Txindokiren 36 ikuspegi’ erakusketa irekiko du bihar Zumarragako kultur etxean. Goierriko mendi ikusgarriaren argazkiak atera ditu, 36 toki ezberdinetatik.

Txindoki Goierriko sinboloetako bat da. Izan ere, herri askotatik ikusten da eta bere formak ez du parekorik Euskal Herrian. Goierritar askoren mendi kuttuna da eta, hala, ez da harritzekoa Ana Cabezas argazkilari ordiziarrak Txindokiri erakusketa bat eskaini izana. Txindokiren 36 ikuspegi da bere izenburua. Bihar (osteguna) irekiko da, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Hilaren 28ra arte izango da ikusgai.
Cabezas ordiziarra da eta Txindoki bere bizitzaren parte da, jaio zenetik. «Etxeko leihotik ikusten dut. Gurasoen etxetik ez nuen ikusten, baina Ordiziako toki askotatik ikusten da. Hori bai, ez naiz askotan igo gailurrera», aitortu du.
Pandemian ekin zion Txindokiren argazkiak egiteari. «36 ikuspegien ideia pandemian bururatu zitzaidan. Hokusai margolari japoniarraren lan bat, Kanagawako olatu handia, oso ospetsua da. Fuji mendiaren 36 ikuspegietako bat da. 36 ikuspegi horietan, jendea bere egunerokoan ageri da eta beraien atzean Fuji mendia azaltzen da. 36 ikuspegiei buruzko liburuaren eraginez, Txindokiko 36 ikuspegi biltzea bururatu zitzaidan, pandemian. Pixkanaka gauza gehiago egiten uzten ziguten, haurrekin kalera ateratzen adibidez, baina herria hutsik zegoen. Txindoki hor zegoen, ordea. Beti bezala. Nahasmen handia zegoen, galduta geunden, baina Txindokik guztion bizitzaren parte izaten jarraitzen zuen», oroitu du.
Hala, Txindokiri argazkiak ateratzeari ekin zion, bere garaian japoniarrek Fuji mendiarekin egin zuten bezala, 36 lortu zituen arte. «Argazki guztiak ez ditut Ordiziatik atera. Beasainen, Gaintzan, Zaldibian, Zumarragan, Amezketan, Abaltzisketan… ere izan naiz. Gainera, argazki batzuk beste mendi batzuetatik atera ditut. Murumenditik, adibidez. Bi urte behar izan nituen 36 argazkiak ateratzeko», azaldu du.
Hilerrietatik
Berezienak Ordiziako eta Abaltzisketako hilerrietatik atera zituenak direla dio. «Mendiaren alde izpiritualarekin bat egiten lagundu zidatelako gustatzen zaizkit».
Txindoki beti egon da bere bizitzan, baina pandemiak eta proiektu honek mendi horrekin duen loturaren jakitun egin dute. «Txindoki mendiaren argazkiak ateratzen jarraitzen dut: beste ikuspegi batzuk, beste argi batekin, elurtuta, atzealdea gorrituta… Japoniarrek baino argazki gehiago atera behar ditut azkenean», dio txantxetan.
Txindoki gertu bizi diren guztien lagun leiala da. «Gure bizitzan ziurtasun apur bat behar dugu, heldulekuak behar ditugu. Gure bizitzan aldaketak etengabeak dira eta Txindoki hor edukitzea lasaigarria da».

Txindoki, Abaltzisketako hilerritik.