Estatuko Fiskaltza Zaballako espetxeko tratamendu batzordeak hartutako erabakiaren aurka agertu izana kritikatu dute Zumarragako EH Bildu eta EAJk

Zumarragako EH Bilduk eta EAJk testu bat adostu dute, Xabier Zabaloren espetxeratzearen inguruan. Horra hor:
“Xabier Zabalo Zumarragako presoa espetxera itzuli da bigarrenez, Estatuko Fiskaltzak iragan ostiralean, otsailaren 21ean, emandako hirugarren graduaren aurkako helegitea aurkeztu eta gero.
Beste behin ere, Estatuko Fiskaltza Zaballako Espetxeko Tratamendu Batzordeak hartutako erabakiaren aurka agertu da. Izan ere, azken horrek hirugarren gradura igarotzeko proposamena onartu eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Zuzendaritzara helarazi zion, berrets zezan.
Xabi 30 urteko zigorra betetzen ari da, 2025eko urrian zigorraren hiru laurdenak beteko dituelarik eta espetxe ibilbidean pauso guztiak emanak ditu aurrez. Beraz, legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen ditu, bere gizarteratzea posible egingo lukeen hirugarren graduan egoteko.
Zumarragako EAJ-PNV eta EH Bilduk bere kezka adierazi nahi dute Fiskaltzak espetxe-organoek hartutako ebazpenen aurka behin eta berriro errekurtsoak jartzen dituela eta. Izan ere, kontuan hartu behar da organo horiek direla presoek espetxean duten bilakaera ondoen ezagutzen dutenak.
Hori dela eta, eskatzen dugu, ebazpen judizialek merezi duten errespetua aintzat hartuta, ebazpen horiek bateragarriak izan daitezela espetxeetako administrazioko organoen erabakiekin, gradu progresioak eta/edo espetxeko baimenak arau izan daitezen, eta ez salbuespena”.