
Urretxu eta Zumarragan bilera bat deitu dute hurrengo Euskaraldia prestatzeko. Bilera datorren asteartean izango da, martxoak 11, Urretxuko Aizpurunea kultur etxean. 18:00etan hasiko da.
Antolatzaileek, Urretxuko eta Zumarragako udalek eta Udal Euskaltegiak, aurreko Euskaraldiko edizioetan talde motorrean edota herritar batzordeetan parte hartu duten guztiei gonbidapen zuzena bidali diete. Ia 100 lagun dira. Gainontzeko herritar guztiak ere parte hartzera gonbidatuta daude, noski. Euskaraldia gerturatzen ari da eta herritarrek iritziak entzun nahi dituzte.
Datorren asteartean Urretxuko kultur etxean egingo den lehen bilera horretan hiru gai landuko dituzte: izen-ematea errazteko puntuak jartzea merezi duen edo ez, hasierako egunerako (maiatzak 15) ekitaldiren bat antolatu edo ez eta Euskaraldiak iraungo duen hamaika egunetarako ekitaldiren bat antolatu edo ez.
Euskaraldia, Urretxu eta Zumarragako egoera soziolinguistikoaren inguruan hausnartzeko tresna bezala erabili nahi dute, egoera ulertu eta euskararen erabilera areagotzeko pausoak ematen jarraitzeko.
Hikaldia
Horretarako, hainbat urrats egin dituzte dagoeneko. Hasteko, Euskaraldian herri modura parte hartzeko izena eman dute. Horretaz gain, edizio honetan Hikaldian ere eman dute izena. Beraz, hala nahi duten herritarrek txapari H bat erantsiko diote eta besteei hika egiteko gonbidapena luzatuko diete.
Bestalde, martxoaren 26an Euskaraldiko Gune Ibiltaria Urretxu eta Zumarragara etorriko da ariketaren inguruko informazioa eta materiala zabaltzera. Txapak eskatzeaz eta banatzeaz, entitateei informazioa zabaltzeaz… udalak eta Udal Euskaltegia arduratuko dira.