Urretxuko udal gobernuak lehen sektorerako laguntzak onartu ditu eta EH Bilduk atsekabea azaldu du bere proposamena aintzat hartu ez delako

Atzoko Urretxuko osoko bilkuran herriko nekazaritza eta abeltzaintza ustiategien jarduera mantentzeko diru-laguntzak onartu zituzten. Albaitariaren zerbitzua eta pentsua ordaintzeko laguntza emango diete, besteak beste. EH Bilduk abstentzioa eman zuen, lehen sektoreak are eta bultzada handiagoa behar duela uste duelako. Ordenantza bat prestatzea eta laguntza gehiago ematea gustatuko litzaieke. Besteak beste, autorik ez duten baserritarrei taxi zerbitzu berezia eskaintzeko eta baserritarrek erabiltzen ez dituzten lurrak interesa izan dezaketenek erabili ahal izateko. Udalak lurjabeen eta interesdunen arteko zubi lana egitea proposatu zuten. Jon Luqui alkateak udala dagoeneko erabiltzen ez diren lurrak erabili daitezen lortzeko lan egiten ari dela erantzun zien.
EH Bilduk prentsa ohar bat igorri du gaur, bertan bere atsekabea azaldu du udal gobernuak ez duelako EH Bilduren proposamena onartu. Horra hor prentsa oharraren edukia:
“EH Bilduk abstentzioa eman dio udal gobernuak lehenengo sektoreari bideratuta proposatu duen urteroko diru laguntza oinarriari. Abstenitu egin gara, halabeharrez, ez diru-laguntza lerro hauen kontra gaudelako, baizik eta uste dugulako lehen sektoreak bai Urretxun eta baita Euskal Herrian izan duen beherakada nabarmenak bultzada berezi eta berri bat behar duela. Eta oinarri horiek aberastu behar direlako. Txikitik, kasu honetan, udaletik, ere eragin daitekela uste dugu. Horregatik, aurreko asteko batzordean, Abadiñon orain hilabete gutxi onartu berri den landa ingurunea mantentzeko laguntzen ordenantza aurkeztu genion udal gobernuari. Ordenantza hori erreferentziatzat hartuta, baserrietako tximiniak garbitzeko diru-laguntzak, su itzalgailuak jartzea, putzu septikoak jartzeko eta daudenak garbitzeko eta berritzeko laguntzak, etxeko argindarra kaleko argiteriarako erabiltzeko laguntzak eta Auzo Taxi zerbitzua gaur egungo diru-laguntza lerroei gehitzea proposatu genien. Azken puntu hau oso garrantzizkotzat jotzen dugu, aurreko legegintzaldian ere hala eskatu baikenuen. Izan ere, uste dugu autorik edo gidabaimenik ez duenari, edota behin-behineko mugikortasun arazoa izan dezakeen baserritarrari, beharrezko zerbitzua eskaintzen diola diru-laguntza lerro horrek. Azkenik, landa eremuko diru-laguntzez aparte, Lur Bizi egitasmoa proposatu genuen. Oiartzunen 2016. urtetik martxan dagoen egitasmoa, alegia. Egitasmo horren helburua lehenengo sektorean profesionalki aritzeko erraztasunak ematea da. Lehenengo sektorerako proiektuak dituzten herritarren -baina lurrik ez dutenak- eta lurrak dituzten herritarren -baina hauek lantzeko proiekturik ez- arteko zubilana egitea da Lur Biziren helburuetako bat, landa-eremuko lurrak produkziora bideratzeko. Uste dugu, gaur gaurkoz, hori dela Urretxuko landa eremuak behar duena, lurrak egon badaudelako, baina proiekturik ez. Egitasmo horrek Urretxuko landa eremura zenbait profesional gerturatuko lituzkeelakoan gaude. Beraz, atsekabez hartzen dugu ez onartzearen erabakia”.