
Bidegorria Urretxun eta Zumarragan egin den inbertsio onenetakoa da. Ehunka herritarrek erabiltzen dute egunero. Batzuek Azkoitia aldera joateko ohitura dute eta besteek Legazpi aldera. Lehenengo taldeko askok arazo bat dute, ordea: bidegorria itxi egin dute, GI-631 errepidea eusten duen horma konpontzeko. Igaraberri baserriko bidea erabili dezakete Aginagako bidegurutzeko mahaira iristeko.
Bide hori hartzeko Etxeberri jatetxera joan behar dute eta jatetxetik gora doan bidea hartu. Ondoren, lehenengo bidegurutzean ezkerretara jo behar dute. Hortik aurrera, ez dago galtzerik. Bideak Igaraberrira darama zuzenean.
Igaraberrikoek ondo ezagutzen dute bide hori, noski. “Kanterako bidea ere deitzen diogu, baina herri-bidea da. Etxekook eta garai batean gure baserrian bizi ziren kanpotarrek erabiltzen genuen. Zumarragara lan egitera jende asko etorri zen garaian, horietako batzuk etxean hartu genituen. Leturiondokoek ere erabiltzen zuten, baina beraiek errepidea gertuago dute eta errepidea ere erabiltzen zuten. Oraindik jende askok erabiltzen du bide hori: bidegorritik etorri eta hortik itzuli, edo alderantziz”, azaldu du Igaraberriko Jose Luis Zabaletak.
Atzo, bidegorriko erabiltzaile gehienak obrako hesiraino joan ziren eta bertan buelta eman zuten. Beste batzuk, tematienek, errepidetik edo zelaitik Aginagako bidegurutzera heltzea lortu zuten. Jose Manuel Epelde, Jose Luis Garcia eta Anjel Mari Arnaiz errepidetik joan ziren, baina Igaraberriko bidetik itzultzea erabaki zuten seguruagoa delako. “Urte asko dira ez dugula bide hori erabili. Obrakoek metro erdi utzi zezaketen, oinezkoak pasatzeko, baina ez da ezer gertatzen. Izan ere, bidegorria ostegunean irekiko dutela esan dute”.

Gizon bat herrira bidean, obrako hesira iritsitakoan buelta eman ondoren.

Bidegorria itxita, Aginagako bidegurutzearen aldean.

Bidegorriko mahaia.

Epelde, Garcia eta Arnaiz, Leturiondora eta Igaraberrira daraman bidea hartu berritan.

Leturiondo baserria.

Epelde, Garcia eta Arnaiz, Igaraberrira iristen.

Igaraberri baserria.

Obra, Igaraberri baserrira daraman pistatik ikusita.

Igaraberriko bidea, baserriko aldetik.

Igaraberriko bidearen hasiera, Etxeberriko aldetik.

Etxeberri.

Etxeberritik Igaraberrira joateko igo behar den aldapa.