
Igandean hil zen Jose Manuel Moranen senitartekoek eta Urola Eskubaloi Klubak mezu bat igorri dute egun gogor hauetan elkartasuna erakutsi dieten guztiei eskerrak emateko. Horra hor mezua: “Ohar honen bidez, Jose Manuelen bi familiek, odolkidekoak eta Urola Eskubaloi Klubekoak, egun hauetan jaso ditugun afektu, maitasun eta elkartasun adierazpen guztiak eskertzen dizkizuegu. Norbanakoenak zein erakundeenak –klubak, federazioak, udalak– mina arindu digute, eta babestuta eta maitatuta sentiarazi gaituzte. Bihotz-bihotzez, mila esker. Baloi baten lehian eskubaloiko edozein kantxatan elkartuko gara”.