Lehenengoz, Bi-Tarteaneko sei bazkidek beraien dendei buruzko hitzaldiak emango dituzte

Urretxu eta Zumarragako Bi-Tartean merkatari elkarteak 3, 2, 1… Udaberria! Berritu, loratu eta aurrera! kanpaina antolatu du udaberriari ongi etorria emateko. Igandean, 10:00etatik 15:00etara, azoka egingo dute Zumarragako plazan. Astelehenetik aurrera 50 euroko erosketa 40 euroan egiteko bonuak salduko dituzte.
Bi-Tartean elkarteak udaberriaz gozatzen lagundu nahi die herritarrei. Horretarako, igandean Kaixo Udaberria azoka egingo dute Zumarragako plazan (baserritarren gunean). Bi herriotako 11 dendek beste horrenbeste postu jarriko dituzte. Titare mertzeriak, Itxura estilistak, Kotoi paper-dendak, Stylo Gorane Dominguez arropa-denda eta ile-apaindegiak, Polita Family Concept Store haurrentzako dendak, Julita mertzeriak, Quo estetika zentroak, Oskarbi zapata-dendak, Alex Kirolak kirol-dendak, Mentxu y Yone haurrentzako arropa dendak eta Xarmanki estetika zentroak parte hartuko dute. Gainera, Aspaceko kideek saskigintza tailerra eskainiko dute. Kuttun lentzeriak dendan bertan parte hartuko du.
Berritasun gisa, Bi-Tartean espazioa sortuko da. Bertan hurbileko eskaintzaren ahotsa entzuteko aukera egongo da. Herriko zenbait merkatarik, eskaintzen dituzten zerbitzuen eta esperientzien berri emango dute eta ideiak eta aholkuak eskainiko dituzte 11:30etik aurrera.
Bi-Tartean espazioan sei dendek parte hartuko dute: Belarzain belar-denda, Natalietta arropa-denda, Itxura estilistak, Kotoi paper-denda, Polita eta ATA harategia. Belarzainekoek, Asier Arregi ingeniari eta geobiologoarekin elkarlanean, elektronmagnetismoari eta zaintzari buruz arituko dira. Inguruan eta bereziki gure etxeetan sartzen zaigun kutsadura elektromagnetikoa zer den, gure biologian zenbaterainoko eragina duen eta gailuen erabilera murriztu gabe uhin hauen kaltea murrizteko zer egin dezakegun azalduko dute.
Nataliettako Natalia Mora-Gilek, berriz, udaberriko koloreei buruz hitz egingo du: zeintzuk diren eta nola konbinatu euren artean eta guk armairuan ditugun koloreekin. Itxura ile-apaindegiko Nagore Prieto eta Mentxu Rodriguezek orrazkera ezberdinak erakutsiko dituzte eta beraien eskaintzaren berri emango dute.
Kotoi paper-dendako Sandra Rodriguezek eskulan tailerren balioaren inguruan hitz egingo du. Horretaz gain, bere denadren plan berria ezagutzera emango du. Besteak beste, urtebetetzea Kotoien ospatzeko aukera eskainiko du.
Polita Family Concept Storeko Sheila Rodriguezek, Sandraren ahizpak, ez gehiago baizik eta hobeto erosteko aukerez hitz egingo du. Haurrentzako udaberriko kapsula armairuaren berri emango du: nola sortu milaka aukera prenda gutxirekin, poltsikoari eta jasangarritasunari erreparatuz. Hobeto aukeratzeko teknikak emango ditu ezagutzera.
Azken hitzadia ATA harategi eta urdaitegiko Juanjo Aranburuk emango du, bi ekoizlerekin batera. Bi ekoizle horiek Gabiriako Baztarrika gaztandegiko Asier Osinalde eta Itsasoko Hariztizabal baserriko Itsaso Olabide okina dira. Hitzaldiak 11.30ean hasiko dira eta bakoitzak 20-30 minuntuko iraupena izango du.
Merkatariek, beraien produktuak saldu eta hitzaldiak emateaz gain, sariak banatuko dituzte. Egunean zehar egiten diren erosketen artean 100 euroko erosketa baleak zozkatuko dira. Gainera, lehenengo 100 erosketek saria izango dute: erosketak eta aisialdia bikote polita direla azaleratzeko, azokan erosketak egiten dituzten lehen 100 pertsonek Bi-Tarteaneko bazkide diren Hirukia eta Arkupe tabernetan pintxo baten truke aldatzeko tiketak eskuratuko dituzte.
Astelehenetik aurrera ere udaberriaren ailegaera ospatuko dute Urretxu eta Zumarragako merkatariek. Bi-Tartean elkarteko dendetara hurbiltzen direnei udaberriaz gozatzen lagunduko diete. Horretarako, udaberriko produktuak eskaintzeaz gain, Kaixo Udaberria bonuak salgai jarriko dituzte. Bonu horiek eskuratzen dituzttenek (40 euro balio dute), denboraldi berriko produktuen erosketetan 40 euro ordainduko dute 50 euroko erosketengatik. Bonu kanpaina astelehenean hasiko da eta apirilaren 17an amaitu.
Bonuak Bi-Tartean merkatari elkartearen bulegoan salduko dituzte, astelehenetik aurrera, agortu arte: astelehen, asteazken, ostegun eta ostiralean 09:00etatik 17:00etara eta asteartetan 09:00etatik 19:00etara. DNI bakoitzeko bonu bat salduko dute eta pertsona bakoitzak lau DNI aurkeztu ahal izango ditu gehienez.