Udaberriko euskarazko ekitaldien egitarauaren barne antolatu dute

Urretxu eta Zumarragako udalek udaberriko euskarazko ekitaldiak aurkeztu dituzte. Mikroipuin lehiaketa, mendi ibilaldi kulturala, jolasak, ikastaroak, zine eta antzerki emanaldiak eta liburu aurkezpenak antolatu dituzte, besteak beste.
Hilaren 26an Euskaraldiaren gune ibiltaria etorriko da. Areizaga-Kalebarren plazan izango da, 17:00etatik 20:00etara. Euskaraldiaren inguruko informazioa eta materiala eskainiko dute. Arratsalde hori girotzeko, 17:00etatik aurrera Kidam magoa bi herrietako kaleetan ibiliko da.
Bi udalek mikroipuin lehiaketa bat ere antolatu dute. Lanak apirilean aurkeztu beharko dira eta sari banaketa ekitaldia maiatzaren 22an izango da. Oinarriak udalen webguneetan argitaratuko dituzte, hilaren 19an. Ipuinak 500 eta 1.000 karaktere artekoak izan behar dira. Sei sari banatuko dituzte: hiru 16 urtez azpikoentzat eta beste hiru 16 urtetik gorakoentzat. 900 euro banatuko dira saritan. Maiatzaren 22an ekitaldi bat egingo dute, ipuinekin gozatzeko.
Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak mendi ibilaldi kulturala antolatu du, Deskarga inguruan. Maiatzaren 18an egingo dute. Parte hartzaileak 09:00etan abiatuko dira, Areizaga Kalebarrenetik.
Bestalde, neguan izan duten arrakasta ikusita, udalek udaberrian ere jolasak antolatu dituzte. Maiatzaren 10ean, 17:00etan, jolas kooperatiboak egingo dituzte Areizaga-Kalebarren plazan. Maiatzaren 24an, ordu eta toki berean, ginkana egingo dute. Jolasekin bukatzeko, ekainaren 13an, 17:00etatik 20:00etara, dronekin jolasteko aukera izango da. Izena emateko, labur.eus/dronak helbidera jo behar da. Jolas kooperatiboak eta ginkana LHko ikasleentzat dira eta dronak DBHkoentzat.
Ikastaroei dagokienez, Egoitz Aizpuruk antzerki inprobisatu ikastaroak emango ditu. LH5 eta 6ko ikasleena jada martxan da. Maiatzaren amaiera arte luzatuko dute. LHko ikasleen artean izan duen arrakasta ikusita, 18 urtetik gorakoentzat ere antolatu dute. Maiatzeko asteazkenetan izango da, 19:00etatik 21:00etara. Parte hartu nahi dutenek labur.eus/antzerkiahelduak helbidean eman behar dute izena.
Patxi Biskert
Neguan haurrentzako euskarazko zine emanaldiek %75eko deskontua izan dute. Apirileko saioko sarrerak ere %75eko deskontua izango du. Zinearekin jarraituz, hilaren 26an Ombuaren itzala pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan. Pello Mari Otaño bertsolariari buruzko pelikula hori Patxi Biskertek zuzendu du. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta Biskert bertan izango da.
Urretxu eta Zumarragako udalek diru-laguntza berriak ere eskainiko dituzte: begirale ikastaroa euskaraz egiten duten herritarrek eta promozio bideoak euskaraz egiten dituzten merkatari eta ostalariek %50eko diru-laguntza izango dute.
Literaturari dagokionez, udaberrian bi solasaldi literario izango dira eta bietan idazleek parte hartuko dute. Lehenengoa gaur bertan izango da: 19:00etatik aurrera, Urretxuko kultur etxeko areto nagusian, Jon Artanoren Juana liburuari buruz hitz egingo dute. Bigarren solasaldi literarioa apirilaren 8an izango da, ordu eta toki berean. Parte hartzaileek Egañazpi liburuari buruz hitz egingo dute Gorka Erostarbe idazle zumarragarrarekin.
Hiru antzerki emanaldi izango dira: apirilaren 13an Kelonia haurrentzat, maiatzaren 9an Arizona (antzezlaneko aktoreak Jon Plazaola urretxuarra eta Aitziber Garmendia zaldibiarra dira) helduentzat eta maiatzaren 11an Pirritx, Porrotx eta konpainiaren Ostirala iritsi da!.
Gurasoentzako lehiaketak
Bukatzeko, bi udalek gurasoentzako lehiaketak ere antolatu dituzte: apirilean LH1 eta 2ko gurasoentzat, maiatzaren DBH 3 eta 4. Haur Hezkuntza eta LH1 eta 2ko gurasoentzat eta ekainean DBH 1 eta 2ko gurasoentzat.
Urretxu eta Zumarragako udaletako Euskara zerbitzuen udaberriko eskaintza atzo arratsaldean aurkeztu zuten, Areizaga-Kalebarren plazan. Ekitaldian Josu Idigoras Zumarragako Euskara batzordeburuak eta Alex Gonzalez Urretxuko Euskara batzordeburuak parte hartu zuten. «Egitaraua eragileekin batera antolatzen dugu eta udaberrikoa, beharbada, orain arteko osoena da», azaldu zuen Gonzalezek.