
Kanpainan hartutako konpromisoa betez eta iaz hasitako dinamikari jarraikortasuna emanez, Zumarragako EH Bilduk Auzo Bihotz ekimenarekin jarraituko du. Hurrengo bilera Eitzan izango da, datorren ostegunean. Bizilagunekin elkartuko dira auzoari buruz hitz egiteko, Topalekuan, 18:30ean. Bilerak ordu eta erdiko iraupena izango du.
Horra hor Zumarragako EH Bilduk gorri duen oharra. “Iaz herriko erdialdean egindako topaketek arrakasta handia izan zuten eta bertan jaso genituen kezka eta iradokizunak udalera eraman genituen. Proposamen hauek sozializatu genituen eta batzuk aurrekontuetan jasotzea lortu genuen. Auzo Bihotz ekimenarekin auzo topaketen garapen bat proposatzen genuen: auzoetan epe ertaineko dinamika komunitarioak martxan jartzea. Bilera irekietarako deialdiak egiteaz gain, auzoetan lantalde iraunkorrak martxan jartzea izango litzateke. Lantalde hauek jarraikortasun bat emango liokete auzo bakoitzean sortzen diren proposamenei eta gurekin elkarlanean, proposamen hauek garatzeko baliabideak jarriko genituzke. Auzo Bihotz dinamikarekin bilatzen ditugun helburuak hurrengoak dira: Herrigintza kultura berri bat sortzea non herritarrek protagonismo handiagoa izango duten udal jardunean; auzoetako eta herriko elkarlan sareak indartzea, komunitate izaera indartzea (Ni-tik gu-ra pasatzea) eta auzoetako beharrak detektatzea (auzoetan sortzen diren proposamenen bideratzaile izatea). Era berean, guzti honekin, gobernuan egongo bagina gauzak nola egingo genituzken erakutsi nahi diegu herritarrei. Datozen urteetan, herritarrek jartzen gaituzten lekuan jartzen gaituztela, dinamika hauek indartzen eta jarraikortsuna ematen segitzeko konpromisoa hartzen dugu. Auzo Bihotz dinamikarekin Eitzako auzoan jarraitzea erabaki dugu. Epe motz eta ertainean auzoan zerbitzu berriak ezartzeko, jarduera iraunkorrak antolatzeko eta, bide batez, auzo izaeran sakontzeko baliabideen inguruan hausnartzeko abagunea izango dugu. Bestalde, dinamika hau udazkenean goiko auzoetan aurrera eramateko konpromisoa hartzen dugu. Eitzako auzo bileretarako lehen deialdia martxoaren 20rako izango da. Hitzordua arratsaldeko 18:30ean izango da, bertako Topalekuan. Auzotar guztiak animatzen ditugu bertan parte hartzera, beraien ekarpenak ongietorriak izango direlarik”.